Etxebide, etxebizitzaren euskal zerbitzua
Etxebide, etxebizitzaren euskal zerbitzua
Familia-gainzorpetzea

Etxebizitza Sailburuordetzaren ekarpena

Etxebizitza Sailburuordetzak Hipoteka Bitartekaritzako Zerbitzuari egindako ekarpena

Etxebizitza Sailburuordetzak lehenbailehen emango die alokairu babestuko etxebizitza bat hipoteka-exekuzio baten ondorioz ohiko etxebizitza galtzeko azken fasean dauden pertsonei, baldin eta familia-unitatea gizarte-bazterketako arrisku larrian erortzen bada.

Familia-unitate bat gizarte-bazterketako arrisku larrian dagoen jakiteko, gizarte-zerbitzuek egindako txostenak hartuko dira kontuan. Sailaren konpromisoa da alokairuko etxebizitza bat ematea etxebizitzaren eremu funtzionalaren barruan, eta familiak arauz ezarritakoa ordaindu beharko du, bere errentaren arabera.

Babes Publikoko etxebizitzen kasuan

Etxebizitza erosteko hipoteka-mailegua 2011ko finantza-hitzarmenaren babesean sinatu bada, Etxebizitza Sailburuordetzak bermatuko du sustapen publikoko etxebizitzak berrerosiko direla, baldin eta hitzarmen arautzaile honen babesean eta baldintzen arabera eman badira eta gerora sortutako berankortasun-egoerak badituzte, inguruabar tasatu batzuen ondorioz, eta, horren ondorioz, jabeek etxebizitza galduko badute. Besteak beste, egoera horien barruan sartzen dira langabezia-egoerak, ezintasun iraunkor osoa, lan autonomoan jarduteari uztea eta abar.

Kasu horietan, Etxebizitza Sailburuordetzak:

  • etxebizitza erosiko du
  • hartutako zorra kitatuko du.
  • jabeari zor horren gaineko edozein betebehar kenduko dio.
  • jabeari etxebizitzaren prezioaren eta zor biziaren arteko aldea ordainduko dio, hala badagokio.

Hipoteka-zorretik horrela askatzen diren pertsonek lehentasunez eskuratu ahal izango dituzte Jaurlaritzak alokairuko etxebizitzak eskuratzeko irekitako programak.

Jaurlaritzak bide horretatik erositako etxebizitzak Babes Publikoko Etxebizitzetarako araututako moduan saldu edo alokatuko dira.

Mailegua 2011ko finantza-hitzarmena baino lehenagokoa bada, kasu horietan Etxebizitza Sailburuordetzak:

  • etxebizitzaren prezioa gehi kargak babes ofizialeko etxebizitzetarako indarrean dagoen gehieneko prezioa baino handiagoak badira: ez da lehentasunez erosteko eskubidea baliatuko.
  • etxebizitzaren prezioa gehi kargak babes ofizialeko etxebizitzetarako indarrean dagoen gehieneko prezioa baino txikiagoak badira, etxebizitzaren egoera bat dator etxebizitza-politikaren helburuekin, eta etxebizitza-eskari egiaztatua duen udalerri batean dago: lehentasunez erosteko eskubidea baliatuko da.

Egoera horretan dauden eta babes publikoko etxebizitza galtzen duten pertsonek lehentasuna izango dute beren eremu funtzionalean kokatutako alokairuko BPE bat edo antzeko etxebizitza bat esleitzeko (Bizigune/ASAP), eta lehentasunez erostearen bidez erositako etxebizitzak BPEen egungo araudiak ezarritako baldintzetan esleituko dira.

Etxebizitza libreen kasuetan

Etxebizitza Sailburuordetza arduratuko da alokairuko etxebizitza bat lortzea sustatzeaz, dela esleipen-prozedura orokorraren bidez (etxebizitzak esleitzea lehentasunezko irizpideen araberako zerrenda barematuan oinarrituta), dela salbuespenezkoaren bidez (zuzeneko esleipena), bizikidetza-unitatearen ezaugarrien eta etxebizitza galtzearen ondorioz gizarte-bazterketan erortzeko arriskua dagoen edo ez kontuan hartuta.

Etxebizitzako sailburuaren agindu bidez arautuko dira prozedura biak, baita eskatutako betekizunak eta horiek betetzen direla egiaztatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa ere.

Esleipen-prozedura arrunten salbuespena

Gizarte-bazterketako arrisku larrian dauden eta seme-alaba adingabeak dituzten bizikidetza-unitateak esleipen-prozedura arruntetatik salbuetsita egongo dira, baldin eta haien ohiko etxebizitza, hipoteka-exekuzio baten ondorioz, hirugarren bati esleitu bazaio eta hirugarren mailara arteko odol- edo ezkontza-ahaidetasunik ez badu. Horretarako, baldintza hauek bete beharko dira:

  • etxebizitza hori bere jabetzako bakarra izatea.
  • diru-sarrerak etxebizitza eskuratu ondoren murriztu izana, hipoteka-kuotaren ordainketak errenta garbi erabilgarriaren % 50 baino gehiago kontsumitzeko moduan.
  • diru-sarrerak murriztea bizikidetza-unitateko titularrei egotzi ezin zaizkien arrazoiengatik izatea.
  • etxebizitza horren erosketa-balioa 350.000 eurotik gorakoa ez izatea.
  • etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alta eman ondorengo hiru hilabeteetan esleipen-prozedura arruntetan parte hartuz etxebizitza bat lortuko ez dutela aurreikustea.

Alokairu-araubideko babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak lehentasunez eskuratzea

ETXEBIDEko Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroarekin eta babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurarekin lotutako araudia eguneratzen ari gara. Eguneratze horren bidez, indarrean dagoen araudia kreditu-merkatuaren eta eskatzaileen beraien egungo egoeretara egokitu nahi da, araudi hori onartu zen unean zeudenetatik oso bestelakoak baitira.

Gerora sortutako ordaintzeko ezintasunagatik ohiko etxebizitzaren jabetza galtzea etxebizitzarik ez izatearekin parekatuko da, baldintza hori nahitaez bete behar baita hautaketa- eta esleipen-prozeduretan parte hartzeko.

Gerora sortutako ordaintzeko ezintasunagatik etxebizitzaren jabetza galdu duten eta Eskatzaileen Erregistroan inskribatuta dauden pertsonak, alokairuko etxebizitza bat eskatzen badute, "etxebizitza-premia berezia duen kolektibotzat" hartuko dira.