Hasiera

Euskadi.eusen sartu

 
Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Informazio
  • Etxebizitzaren Gida Plana 2021-2023
  • Gaztelagun
  • Ezohiko neurriak
  • Puntu lila
  • W3C-WAI. Esteka hau leiho berri batean irekiko da

2021-23ko Etxebizitzaren Gida Planak errenta ertainak dituzten familiek alokairu eskuragarriak eskuratzeko aukera izan dezaten sustatzen du, eta eraikin eta etxebizitzen bizigarritasuna hobetzearen aldeko apustua egiten du, birgaitzeko laguntza handiagoen bidez

Argitalpen-data: 

  • Dokumentu estrategikoak 120 ekintza eta 1.237,6 milioi euro izango ditu datozen urteotarako EAEren etxebizitza-premiei aurre egiteko.
  • Alokairu babestuko etxebizitzen parkea 3.000 unitatetan baino gehiagotan handitzea du helburu, eta 2023aren amaieran mota horretako 29.300 etxetara iristea.
  • Planak proposamen fiskal baten aldeko apustua egiten du, zeinak alokairuak arrazoizko prezioetan mantentzen dituztenei pizgarriak emango baitizkie eta errentak izugarri altxatzen dituztenak zigortuko baititu.

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak, asteazken honetan, Legebiltzarrean, 2021-23ko Etxebizitzaren Gida Planaren xehetasunak eman ditu; Eusko Jaurlaritzak datozen urteotan gai horren inguruko erronkei erantzuteko dituen filosofia, programak eta konpromisoak laburtzen ditu dokumentu horrek. Planak EAEn etxe duin eta egoki baten beharrari erantzuteko neurriak aktibatzea du helburu. 2021-23 aldirako, Sailak alokairu eskuragarrian sakontzearen aldeko apustua egin du, eta, horretarako, batetik, etxebizitza publikoa sortzearen aldekoa, eta, bestetik, 21.000 eta 39.000 euro bitarteko errenta haztatuak dituzten geruza ertainek alokairu eskuragarrietara jotzeko aukera izateko bide ematearen aldekoa –baita kolektibo kalteberei ere–. Era berean, EAEko etxebizitza-parkearen hobekuntzan sakontzea nabarmentzen du, bizi-kalitatea handitzeko, bizigarritasunean eraginez, eta etxeak eta eraikinak eurak klima-aldaketaren aurkako beste tresna bat gehiago izan daitezen.

Plana hiru ardatz estrategikotan egituratzen da: alokairu eskuragarria bultzatzea eta, horretarako, etxebizitza sozialak sustatzea, errentan emateko laguntza-sistema garatzea eta parke pribatuko bizilagunik gabeko etxebizitzak mugitzea; parke eraikia bultzatzea eta, horretarako, birgaitzeko laguntzak indartzea, eta erakundeen arteko koordinazioa eta gobernamendua hobetzea eta, horretarako, zerga-politika berrikustea. Horretarako, dokumentuak 120 ekintza zehatz jasotzen ditu, 1.237,6 milioi euroko aurrekontuarekin, aurrekoak baino 119 milioi gehiagorekin (% 11ko igoera). Zifra horiek “beste edozein autonomia-erkidegoren gastu-ahaleginaren oso gainetik daude, eta Europako batez besteko homologagarrietan kokatzen gaituzte”, nabarmendu du Arriola sailburuak, eta aurreko planarekin –lehenengoa, 2015ean onartutako Etxebizitzaren Legearen espiritua zuena– hasitako bidean sakontzea helburu duen plan “garrantzitsua eta handinahia” aipatu du.

Alokairu eskuragarria

Dokumentuak berretsi egiten du ekimen publiko eta pribatuko alokairu sozialeko etxebizitzen eskaintza handitzearen aldeko apustua, eta, horretarako, plan honetan, 3.000 etxebizitza baino gehiago sartzen ditu. Helburua da 29.300 etxebizitza izatea EAEn, alokairu publikoko etxebizitzak babestutako parkearen % 40 izan daitezen. Aldi horretan, 4.000 etxebizitza berri eraikitzen hastea aurreikusten da (2.250 etxebizitza Sailarenak eta Visesarenak, eta gainerakoak, sustatzaile pribatuenak, kooperatibenak edo beste formula batzuetakoak, hala nola elkarlaneko etxebizitzak edo cohousing-a; horiek gauzatzeko laguntza publikoak jasoko dituzte), eta beste 3.600 etxebizitzatarako lurzorua erostea. Gainera, Etxebizitza Saila lanean ari da Biziguneren –bizilagunik gabeko etxebizitzak mobilizatzeko programa da, eta 2022ko urtarriletik aurrera errentak areagotuko dizkie etxebizitza lagatzen dutenei, gehienez hilean 650 euroan– eta ASAP programaren bidez hartutako 8.500 etxebizitza sartzeko.

Helburu horiek lortzeko, gida planak zenbait tresna ezartzen ditu, besteak beste: alokairu babestuko etxebizitza berria sustatzea; baserrialdeetarako edo herri hustuetarako dirulaguntza bereziak, haiek eraikitzeko; erabiltzen ez diren eraikin publikoak birgaitzea, eta gazteentzat eta premia bereziko kolektiboentzat aldi baterako alokairuko zuzkidura-bizitokiak eraikitzea. Gainera, plan berriaren esparruan, Alokairu programa jarri da abian, lankidetza publiko-pribatuko mekanismo bat, inbertitzaile pribatuek –bankuak, aseguru-etxeak, higiezinen agentziak eta abar– etxebizitza libreen eraikinak eraiki edo eros ditzaten, administrazioari lagako zaizkionak –gehienez 75 urterako–, alokairu-errenta bermatua kobratuz. Gainera, Estatu mailan programa berritzaile bat sortzen da, dirulaguntzekin etxebizitza kolaboratiboak edo cohousing-a sustatzeko.

Bizilagunik gabeko etxebizitza mobilizatzeko, edukitzaile handientzako Bizigune programa indartuko da, eta udalei bizilagunik gabeko etxebizitzen kanona martxan jartzen lagunduko zaie; horretarako, mota horretako etxebizitzak erregistratu eta etxebizitza hutsak Biziguneri lagatzeko birgaitzen dituztenei laguntzak ematea lehenetsiko da.

Gazteek jarraituko dute planaren helburuetako bat izaten, Gaztelagun izango baita ardatz nagusi. Hartan, laguntzen behin-behinekotasuna ezabatu da –gehienez ere hiru urtekoa, 36 urte bete arte-, eta handitu egiten dira programan parte har dezaketen alokairu-errentak, baita laguntzaren zenbatekoa ere, hilean 275 euroraino. Xedea da 4.500 pertsonarengana iristea programa horren bidez gida plana ixtean 2023an. Gainera, zuzkidura-bizitokien –750– eraikuntza bultzatzen jarraitzen da, batez ere kolektibo horri zuzendutakoak; kolektibo horrek 36 urtetik beherakoentzako % 40ko kupoa ere jasoko du etxebizitza sozialak eskuratzeko. Sarbide-kuota hori, aurrerantzean, Bizigune programako etxebizitzetara ere zabalduko da.

Etxebizitzaren Gida Planaren nobedade nagusietako bat da arau-esparru berri bat sortzea, urtean 21.000 eta 39.000 euro haztatu bitarteko bizikidetza-unitateentzako alokairu eskuragarriko babes ofizialeko etxebizitzen araubide espezifiko bat arautuko duena; kolektibo horrek, diru-sarrera handiagoak izan arren, zailtasunak ditu merkatu arruntean etxebizitza bat eskuratzeko. Araudiak etxebizitza-erregimen espezifiko bat sortuko du kolektibo horrentzat, eta laguntza publikoak aurreikusten ditu, gutxienez 20 urtez BOE mailako alokairu-errentak dituzten mota horretako proiektuak hasten dituzten erakunde publiko eta pribatuentzat.

Premia handiena duten kolektiboen kasuan, planak ezartzen du 12.000 familia izatea 2023rako etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortuta dutenak –hura garatzeko dekretua Plan hau indarrean dagoen bitartean onartuko da–, eta 2022an etxebizitzarako prestazio osagarria bere gain hartzea, etxebizitzarako prestazio ekonomikoarekin egiten den bezala –Planak irauten duen bitartean urtean batez beste 29.000 etxe izatea aurreikusten da, bi laguntzen artean, zeinak 2022an hilean 275 eurora igoko baitira–.

Premia bereziko kolektiboentzako kupoei ere heltzen zaie, % 40 gazteentzat izango direla, bai eta familia gurasobakar amadunentzako, genero-indarkeriako kasuetarako eta abarretarako esleipenei ere. Eta 200 etxebizitza gordeko dira erakundeentzat eta hirugarren sektorearentzat, gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonei erantzuteko, eta beste 75, etxegabetasunaren aurkako borroketarako; beste 150, utzarazpen-egoeran dauden familia kalteberentzat, eta beste 100, genero-indarkeriaren biktimentzat.

Birgaitzearen aldeko apustua

Sailburuak nabarmendu du datozen urteotan birgaitzearen arloan emango den “jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa”, Sailaren laguntzen araudi berriari esker –laguntzen zenbatekoak eta haiek eskuratzeko diru-sarreren tarteak handitzen dira–, bai eta Next funtsei esker ere –hemendik 2026ra inbertsioa bikoiztuko dute–. EAEk Europako hegoaldeko etxebizitza-parke zaharrenetako bat du: 2019an, EAEko familien % 7,7k, 68.423k guztira, beharrezkotzat jotzen zuten beren etxebizitza birgaitzea; % 60k premiazkotzat jotzen zuten.

2021etik 2023ra bitartean, 71.200 etxebizitza birgaitzeko laguntzak ematea aurreikusten da, energia-eraginkortasuna, bizigarritasuna, irisgarritasuna, segurtasuna eta eraikinen digitalizazioa hobetzeko. Energia-eraginkortasuna handitzeko 35.800 proiektu integral eta 15.000 etxetako irisgarritasuna hobetzeko 2.400 igogailu berri jasotzen dituzte. Autonomia-erkidegoan, 118.900 pertsonak adierazi dute zailtasunak dituztela eskailerak igotzeko eta jaisteko, eta, hori dela eta, 65 urtetik gorakoentzako irisgarritasunerako laguntza-lerro espezifiko bat sortu da.

Zero Planaren bidez birgaituko da parke publikoa, eraginkortasuna eta jasangarritasuna sustatzeko, eta, horrekin batera, etorkizuneko bizigarritasun-dekretua gauzatuko da, kanpoaldeak zabaldu eta birgaitzeko ekintzekin.

Fiskalitateari eta prezioen erregulazioari buruzko gogoeta

Sailburuak azaldu du planak fiskalitatea aztertzeko beharra azpimarratzen duela, Eusko Jaurlaritzak, prezioei eusten dizkieten etxebizitzen alokairua sustatzeko, prezioak igotzen dituztenak zigortzeko eta birgaitzeagatiko kenkariak hobetzeko Zerga Koordinaziorako Organoaren barruan foru-aldundiei – gai horretan baitute eskumena– 2019an egindako proposamenean oinarrituta. “Espero dugu Aldundiek erronka onartu eta zerga-sistemaren hurrengo berrikuspenera eramatea; izan ere, gai hori funtsezkoa da alokairuen prezioak arautzen laguntzeko”, nabarmendu du Arriolak. Sailburuak “etxebizitza-arloko kenkarien egungo erregulazioari buruzko hausnarketa-bide bat irekitzearen” alde egin du, bai eta alokairura jotzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboen alokairuari hobari handiagoak ematearen alde ere. Esan bezala, plan zuzentzailearen aurrekontua aldi bererako aurreikusitako gastu fiskalaren ia berdina da –1.263,6 milioi inguru–.

Proposamenak, halaber, pizgarri fiskalei buruzko diagnostiko bat egiteko beharra planteatzen du, pizgarri horiek birgaitzea sustatuko duen balio bat izan daitezen eta, hala, jabeen erkidegoentzako azken kostua murriztuko duena, Italiako super bonusa bezalako ereduei buruzko analisiarekin.

Era berean, sailburuak adierazi du Sailak “arreta handiz” jarraitzen duela Estatuko Etxebizitza Legea izapidetzen, prezioak arautzeari dagokionez. Hori horrela, Etxebizitza Plan Zuzentzaileak aurrea hartzen dio legearen onarpenari, eta lehen aldiz planteatzen du EAEk, merkatuaren egoera kontuan hartuta, arau horretan proposatutako neurriak aztertzeko eta, hala badagokio, alokairuen kontrola ezartzeko aukera. Dokumentuak, ekintzen artean, gainera, alokairu-merkatuaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko gailu bat sortzea jasotzen du, tentsionatutako eremuak mugatzeko.

Herritarren eta agenteen parte-hartzea plana sortzen eta garatzen

74 eragile publikok eta pribatuk parte hartu dute plana sortzen, eta 2.400 pertsonaren ekarpenak jaso ditu; haietatik, % 88 planean sartu dira. Parte hartzeko prozesutik honako hau ondorioztatu da: alokairu babestuaren eskaintza handitzen jarraitu behar da, batez ere zailtasun bereziak dituzten kolektiboentzat, hala nola gazte eta adinekoentzat edo dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat, eta prezioen kontrola eta eraikitako parkearen hobekuntza –energia-, irisgarritasun- eta bizigarritasun-birgaikuntzekin– nabarmendu behar dira. Sailburuak egungo planaren “parte hartzeko prozesu zabala” nabarmendu du, zeinak “herritarren elkarlanerako eta elkarsorkuntzarako oinarri sendoa” baitu.

Arriolak nabarmendu duenez, 2021-23ko planak “etxebizitza-politiken elkarlaneko gobernamendua hobetzea” du helburu, eta horrekin lotu ditu Etxebizitzaren Euskal Behatokia Fundazioaren sorrera eta EAEko Etxebizitzaren Foro berria. Parte hartzeko foro egonkorra da, eta kontsultarako izaera du, eta hiru lan-mahai izango ditu: bat, birgaitzea sustatzekoa; beste bat, alokairu eskuragarria sustatzekoa, eta bestea, etxebizitza eta eraikuntza-sektorea sustatzekoa. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Plan Zuzentzaileak parte hartzeko prozesu zabala du, eta iraganean nazioarteko aintzatespenak jaso zituen motibo horrengatik, besteak beste, NBEk ematen duen Zerbitzu Publikoaren UNPSA Saria jaso zuen.

Eraikuntzaren sektorearen erronkak direla eta, plan zuzentzaileak aurreikusten du hartan dauden aukerak aztertzea, sektoretik bereziki urrun dauden kolektiboetan enpleguak sortzeko, hala nola emakume eta gazteetan. Horretarako, ekintza bateratuak egingo dira Enplegu Sailarekin eta Hezkuntza Sailarekin, Lanbide Heziketako eta prestakuntza dualeko prestakuntza-eskaintzaren arloan, bai eta helduen birkualifikazio- eta ziurtapen-ibilbideak ere. Eraikuntzako berrikuntzaren arloan, eraikuntza-prozesuen industrializazioa eta digitalizazioa sustatuko dira, bai parke pribatuan, bai publikoan.

Euskadi, auzolana