Hasiera

Euskadi.eusen sartu

 
Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Informazio
  • Etxebizitzaren Giga Plana 2021-2023
  • Gaztelagun
  • Ezohiko neurriak
  • Puntu lila
  • W3C-WAI. Esteka hau leiho berri batean irekiko da

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 564,4 milioi eurora arte gehitu du aurrekontua 2022an, % 11,4 gehiago

Argitalpen-data: 

  • Garraio-arloak 365,7 milioi euroko zuzkidura izango du eta alderdi hauetan oinarrituko du bere jarduketa: trenbide-azpiegituraren hobekuntzan, hiri-garraioaren eskaintzaren gehikuntzan eta Euskal Y-an.
  • Etxebizitza-arloak 266,6 milioi euroko aurrekontu finkatua izango du alokairu sozialeko 1.450 etxebizitza eraikitzen hasteko, 7.600 etxebizitza huts Bizigune programaren bidez mobilizatzeko —jabeentzako kanona handituko da—, eta alokairuaren ordainketan laguntzeko, Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoen eta Gaztelagun laguntzen bidez —%10 handituko dira laguntza horiek—.
  • Auzo zaurgarrien hiri-berroneratze integrala indartuko da, beste sei udalerrirekin eta 11 milioi euro gehiagorekin.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren aurrekontua 564,4 milioi eurokoa izango da 2022an —aurreko ekitaldikoa baino % 11,4 handiagoa—, eta legegintzaldi honetarako sailak izango dituen hiru ardatz estrategikoetan sakontzeko zenbatekoak izango ditu. Hiru ardatz hauek dira: lurraldearen berrikuntza, berroneratzea eta egokitzapen jasangarria; etxebizitza baten beharra duten pertsonentzako erantzun integrala bermatzea; eta herritar guztientzako mugikortasun jasangarria, segurua eta irisgarria bultzatzea. Iñaki Arriolak zuzentzen duen arloa Eusko Jaurlaritzaren bigarren inbertsiogileena izango da, eta gizarte- eta ingurumen-jasangarritasuna bultzatzearen alde lan egingo du. Horretarako, lurralde-plangintzaren, etxebizitzaren eta mugikortasunaren bidez, lurralde- eta gizarte-desberdintasunak murriztearen aldeko apustua egingo du.

Termino absolutuetan, Garraio-arloak izango du pisurik handiena, 365,7 milioi euro; Etxebizitza-arloak, berriz, 266,6 milioi izango ditu, bere sozietate publikoen (Alokabide eta Visesa) aurrekontuak batuta. Lurralde Plangintzaren arloak, bestalde, 19 milioi euro kudeatuko ditu.

LURRALDE PLANGINTZA

Lurralde Plangintzako arloak 19 milioi eurora arte handituko du zuzkidura, eta hiri-berroneratze integrala izango du helburu. Arlo horren aurrekontua jarduera-ardatz hauetan egituratzen da:

  1. Euskadiko Hiri Agenda - Bultzatu 2050. Basque Country 2030 Agendan integratzen den agenda hori zabaltzen jarraituko da, haren gobernantza-sistema finkatuko duen lan-foro baten bidez.
  2. Hiri-berroneratze integrala da Bultzatu 2050 agendaren alderdirik adierazgarrienetako bat, eta 2022an jarduera areagotuko du, 11 milioi euroko aurrekontuarekin —2021eko aurrekontuaren bikoitza, Berpiztu programari esker—, lehentasuneko arreta-zonetan jarduteko.
  3. Lurralde-plangintzak, 2019an onartutako Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen garapenari eusten dio, Lurralde Plan Partzialak eta Lurralde Plan Sektorialak berrikustearekin. 2022an aurrera egingo da Itsasertzeko Lurralde Plan Sektorialarekin eta Araba Erdialdeko eta Arabako Errioxako eremu funtzionalen Lurralde Plan Partzialekin. Era berean, hasiera emango zaio Turismoko Lurralde Plan Sektorialaren prozesuari eta Debagoieneko eta Debabarreneko eremu funtzionalen Lurralde Plan Partzialen prozesuari.
  4. Lurralde-plangintzan eta hirigintzan genero-ikuspegia aintzat hartzearen aldeko apustua egin da; batetik, 2022an 200.000 euroko diru-laguntzak izango dira udalerrientzat eta, bestetik, gida bat landuko da Emakunderekin elkarlanean.

Hiri-berroneratzea egiteko jarriko den aurrekontua 11 milioi eurora igo da eta beste bost auzo gehituko zaizkie aurrez abian zirenei (Otxarkoaga, Bilbon; Txonta, Eibarren; Aramotz, Durangon, Basaundi Bailara, Lasarte-Orian; eta Andonaegi, Pasaian), baita beste sei udalerri ere (Abanto-Zierbena, Portugalete, Santurtzi, Trapagaran, Amurrio eta Urduña, eta Laudiok parte hartuko duen zain gaude). 

Arlo arauemailean aurrera egingo da, hirigintza-estandarrei buruzko dekretua onar dadin.

 

ETXEBIZITZA

Etxebizitza-arlora zuzentzen den Sailaren aurrekontua, 2022an, 171,7 milioi eurokoa izango da —2021ean baino hamar milioi euro gehiago—, alokairuaren alde, etxebizitzarako eskubide subjektiboaren alde eta prestazioen kudeaketaren beste etapa baten alde egiteko. Etxebizitzarako aurrekontu finkatuak Visesa eta Alokabide sozietate publikoen aurrekontuak hartzen ditu barnean, eta guztira 266,6 milioi eurokoa izango da.

Zenbateko horretatik, % 76 alokairu-politikei zuzenean egotz dakiekeen gastua da, eta % 24 hiria birgaitzeko politikei egotz dakiekeena. Horrek esan nahi du, termino garbietan, eta birgaitzea kenduta, etxebizitza-programaren gastu zuzenaren % 100 alokairu-politikei esleitzen zaiela.

2021-2023 Etxebizitzaren Gida Plana datozen asteetan aurkeztu eta eztabaidatuko da Legebiltzarrean. Plan horrek zehazten du arlo horretako erronkei erantzuteko estrategia, kontuan izanik pandemiarekin sortu den testuingurua eta Estatuko etorkizuneko araudia. Ardatz hauek ditu:

  1. Etxebizitzarako eskubide subjektiboa bermatzeko urrats erabakigarriak egitea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Etxebizitza Legeak jasotzen dituen tresnak garatzea. 2022an lege horren garapenerako urratsik garrantzitsuenetako bat egitea espero da, etxebizitzarako eskubide subjektiboaren dekretuan aurrera egitearekin. Zenbatetsi da ekitaldiaren amaieran 10.000 familiari aitortuko zaiela etxebizitzarako eskubide subjektiboa. Eskubide horri erantzuteko Alokabidek kudeatzen dituen alokairuko etxebizitzak esleituko dira —bai bere etxebizitza-parkekoak, bai Bizigune programaren bidez erakarritako etxebizitzak, bai eraiki berriak—, eta etxebizitzarako prestazio ekonomikoa ordainduko da. Etxebizitzarako prestazio ekonomikoen ordainketa estaliko duen partida, berriz, 5 milioi euroko partida zabalgarriarekin zuzkitu da. Etxebizitzarako prestazio ekonomikoa eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarekin lotzen den etxebizitza-prestazio osagarria batuta, Eusko Jaurlaritzak 29.000 bizikidetza-unitateri lagunduko die. Hamarkada batean lehen aldiz gehituko dira prestazio horiek, gaur egun hilean 250 eurokoak dira eta 275 eurora gehituko dira (% 10eko igoera).
  1. Alokairu eskuragarriaren eskaintza publikoa gehitzea. Sailak alokairuko babes publikoko eta bizitoki-zuzkidurako 450 etxebizitza hastea aurreikusten du. Etxebizitza horiek eraikitzen ari diren 2.237 etxebizitzari batzen zaizkie. Sailak berak 250 sustatuko ditu, Visesak 500, tokiko erakundeek 100 eta alokairu merkea sustatzeko ekimen pribatuak eta sozialak 600. Parke publikoa handitzeko eraikuntza berriak sustatzeaz gain, Sailak partikularren etxebizitza hutsen mobilizazioa sustatzen jarraituko du, Bizigune edo ASAP gisako programen bitartez. Aurreikuspena da, 2022eko ekitaldiaren itxieran, Bizigunek 7.600 etxebizitza erakartzea, eta, horretarako, Alokabideri 34,8 milioi euroko ekarpena egitea, inoizko handiena. Etxebizitza hutsak lagatzen dituzten jabeek jasoko duten kanon maximoa ere handituko da, hileko 600 eurotik 650 eurora.

Sailak gazteen emantzipazioa bultzatu nahi du, etxebizitza pribatuko parkeko alokairua ordaintzen laguntzearen bidetik. Hori dela eta, Gaztelagun laguntza hilean 250 eurotik 275 eurora gehituko da —etxebizitzarako prestazio ekonomikoa eta etxebizitza-prestazio osagarria bezalaxe—.Programa Eusko Jaurlaritzaren egitura-programa izatera pasatu da, eta, hileko laguntza handitzeaz gain, eskatzaileen unibertsoa handitu du, urrian izan den errenta maximoaren igoerari esker. Hartara, 3.500 gazterengana irits daiteke 2022an —8 milioi euroko aurrekontuarekin—.Gainera, gazteentzako % 40rainoko kupoak ezarri dira, etxebizitza babestuetan eta zuzkidura-bizitokietan ez ezik, partikularrek Bizigune programaren bidez lagatako etxebizitzetan ere bai.

Alokairurako diru-laguntzak eta alokairuko etxebizitza babestuen esleipenak batuta (Euskal Autonomia Erkidegoko parke publikoa 27.500 etxebizitzakoa izango da), 2022an Euskal Autonomia Erkidegoan alokairuan dauden familien erdiek baino gehiagok zuzeneko laguntza publikoa izango dute. 

Lurzoru berriak erosiko dira alokairuko 1.100 etxebizitza babestutarako, 14,6 milioi euroko partidarekin. 10 milioi euro jarriko dira eraikinak eta etxebizitzak erosteko ordainketa- eta konpromiso-kredituetan —horiei Alokabidek helburu bererako jarriko dituen beste 20 milioi gehituko zaizkie—; bestalde, erakunde publikoentzako eta hirugarren sektorearentzako gizarteratze-sare bat antolatuko da, 175 etxebizitzaren lagapenarekin; beste 50 etxebizitza lagako dira, etxegabekeriaren aurka borrokatzeko, beste 50 etxegabetzeei aurre egiteko, eta beste 35 genero-indarkeriako kasuei aurre egiteko. 

  1. Eraikinen eta etxebizitzen birgaitze integrala energia-efizientziarako eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko tresna bihurtzea. Sailak birgaitzeari laguntzeko araudi berria du irailaz geroztik. Araudi horrek lehendik daudenak bateratzen ditu, zenbatekoak gehitzen ditu, Europar Batasuneko Berreraikuntza eta Erresilientzia Planak planteatzen duen energia-efizientziaren aldeko apustua egiten du eta irisgarritasuna sustatzeko ildo berriak sortzen ditu. Laguntzen bitartez, bultzada eman nahi zaio birgaitzeari, eta, datorren urtean, Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza-parke osoan eraikin birgaituen ratioa % 2,5ekoa izatea lortu nahi da, 39 milioi urte anitzeko kredituarekin eta Europako funtsak kontabilizatu gabe. Horretarako, 4.225 eraikinetan (26.195 etxebizitzatan) jardungo da, diru-laguntzen bidez eta maileguen bidez; 5.100 etxebizitzatan irisgarritasun-hobekuntzak egingo dira, 820 igogailuri esker, eta 2.155 eraikinetan eta 12.600 etxebizitzatan birgaitze integraleko proiektuak egingo dira. 

Halaber, Sailak aurrera egingo du Alokabidek kudeatzen duen alokairuko parke publikoa birgaitzeko eta deskarbonizatzeko Zero Plana gauzatzen, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planaren barruan. Asmo handiko ekintza horrek 200 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa eskatzen du hemendik 2050era. 2022an, inbertsio horretara 3,4 milioi euro bideratuko dira, hiru eraikinetan proiektuak eta obrak egiteko. 

GARRAIOA

Garraio-arloak guztira 365,7 milioi euroko aurrekontua izango du.

Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak 97 milioi euro izango ditu erabilgarri, eta horietako gehienak, 91 milioi, Euskotrenentzat izango dira. Salgaien eta pertsonen garraioa garatzeko 3,4 milioi euro jarriko dira. Horietatik 2,4 milioi Euskadiko, Gipuzkoako eta Arabako garraio-agintaritzak bultzatzeko jarriko dira, baita ordainketa-tituluen elkarreragingarritasuna sustatzeko ere. Arauen arloan, Mugikortasun Jasangarriaren Legea eta Kable bidezko Garraioaren Legea igorriko zaizkio Gobernu Kontseiluari, Legebiltzarrean tramitatu aurretik onar ditzan.

Euskotren-Eusko Trenbideak sozietate publikoak guztira 107,8 milioi euroko aurrekontua izango du, eta aintzat hartzen du Bilboko eta Gasteizko tranbietarako plantillak barnean hartzea eta prestatzea, baita 4 tren-unitate kontratatzea ere, etorkizuneko Donostialdeko Topoaren lurpeko saihesbidea abian jar dadin.

Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzak 212,4 milioi euroko aurrekontua izango du. Zenbateko horri gehitu behar zaizkio 48,2 milioi euroko kudeaketa-aginduak, trenbide-sare berria bultza dadin, eta beste 8,1 milioi euro Hegoaldeko Trenbide Saihesbiderako, guztira 268,7 milioi euro.

Zuzendaritza horren jarduketa nagusiak dira:

  1. Trenbide-azpiegitura hobetzea, horretarako 129 milioi euro jarriko dira. Kapitulu horretan nabarmentzen dira: Topoaren Lurpeko Pasanteari jarraipena ematea Donostian (25,3 milioi euro); Altza-Galtzaraborda tartea (17,6 milioi euro); Zarauzko geltoki berria eta San Pelaioko geralekua (5,9 milioi euro); trenbidea berritzea (8,6 milioi euro); geltokiak, azpiegiturak eta segurtasuna oro har hobetzea (4,6 milioi euro); eta transferitutako lineen hobekuntza (3,9 milioi euro). Europako funtsak berresten direnean, lizitatuko dira Eibar-Azitaingo lanak.

 Hiri-garraioaren barruan trenbide-eskaintza handitzea, tranbiaren azpiegitura garatu, egokitu eta hobetzeko beharrezkoak diren jarduketen bidez, 14,2 milioi euroko Hor sartzen dira Gasteizko tranbia Salburua auzora eramatearen azken lanak (13,5 milioi euro) eta Bilboko tranbia Atxuri-Bolueta tartera zabaltzea (0,7 milioi euro), tarte hori udaberrirako zerbitzuan jartzea aurreikusten da. Bilboko eta Gasteizko tranbia-sistemen hedapenei buruzko informazio-azterketak amaituko dira (Bilbon Zorrozaurre, kotxetegi berriak eta tranbia-eraztunaren itxiera, eta Gasteizen Zabalgana eta kotxetegi berriak). Era berean, 260.000 euro jarriko dira Donostian autobus elektriko adimenduna ezartzeko —beste hitzarmen bat egingo da, baina Sailaren babes ekonomiko bera izango du—. Leioan, eta Udalarekin elkarlanean, aurrera egin da garraio elektrikoko sistema bat sortzeko Leioa-UPV/EHU linearako. Aurrekontuan Gasteizko karga-unitate funtzionalerako 3,8 milioiko erreserba egin da, 2022an linea guztia elektrifikatuta egon dadin. 

  1. Metro-sarearen garraio-zerbitzua bermatzea, erakunde eskudunekin elkarlanean, 66,8 milioi euroko Oinarrizko partida Bilboko Metroa kudeatzen duen Bizkaiko Garraio Partzuergoari egindako ekarpena da (61 milioi euro). Horrez gain, 4. eta 5. lineak garatzen jarraituko da. 
  1. Euskal Trenbide Sare Berriak 51,9 milioi euroko aurrekontua izango du aurrera egiteko; horietatik 48,2 milioi Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzen duen Estatuaren mandatua kudeatzeko kredituak izango dira, eta 3,7 milioi finantzaketa propiokoak. Euskal Y-aren jarduketa nagusien artean, 2022an aurrera egingo da Hernani-Astigarraga tartean, Atotxako estazioan eta Ezkio-Itsasoko geltokian, eta Astigarragako geralekuko obrak lizitatuko dira.   
  1. Trenbide bidezko salgaien garraioa eta portuetako konektagarritasuna 8,2 milioi eurorekin. Jarduketak oinarritzen dira Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen zenbait tarteren eraikuntza-proiektuak lizitatzean. Era berean, aurrera egingo da Pasaiako portuarekiko konexioan eta Lezoko eta Jundizko plataforma logistikoetan.

Aurkezpena (PDF, 3 MB) (leiho berri batean irekitzen da)

Euskadi, auzolana