Hasiera

Euskadi.eusen sartu

 
Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Informazio
  • Ezohiko neurriak
  • Gaztelagun
  • Puntu lila
  • W3C-WAI. Esteka hau leiho berri batean irekiko da

Gipuzkoako zuzkidura-bizitokien inguruko prentsa-jakinarazpena

Argitalpen-data: 

Stop Desahucios-ek Gipuzkoako alokairuko zuzkidura-bizitokiei buruz egindako adierazpenen aurrean, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak alderdi hauek zehaztu nahi ditu:

  • Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren politikaren helburua da eraikuntza berriaren bidez alokairuko parke publikoa handitzea eta  hutsik dauden etxebizitzak erakartzea, egungo alokairu-eskariari erantzun dakion. Izatez, azken 5 urteotan, 2016 eta 2020 bitartean, Estatuan alokairuko 9.942 etxebizitza babestu eraikitzeari ekin zaio, eta, kopuru absolutuei erreparatuta, Euskal Autonomia Erkidegoa bigarren postuan dago autonomia-erkidego guztien artean. Bost urte horietan, Euskal Autonomia Erkidegoan alokairuko 2.677 etxebizitza babestu sustatu dira (Estatuko etxebizitza guztien ia % 27). Kopuru absolutuetan, Madrilgo autonomia-erkidegoak soilik gainditzen du Euskal Autonomia Erkidegoan aldi horretan sustatutako alokairuko etxebizitza babestuen kopurua.
    Agerikoa da ez direla egungo eskaerari erantzuteko nahikoa, baina ukaezina da, halaber, Eusko Jaurlaritza ahalegin handia egiten ari dela etxebizitzaren parke publikoa handitzeko.
  • Zuzkidura-bizitokiak pertsonei edo bizikidetza-unitateei bost urteko epe baterako lagatzen zaizkien apartamentuak dira. Aldi baterako eta txandakako izaera hori zuzkidura-bizitokien araudiak berak ezartzen du, eta, beraz, horrelako bizitoki bat onartzen duten pertsona guztiek badakite bost urteko denbora-tartea dutela. Batez ere gazteei zuzendutakoak dira zuzkidura-bizitokiak, baina beste kolektibo batzuentzat ere irekita daude.
  • Esleipena jasotzen duten pertsona guztiek baldintza ekonomiko jakin batzuk betetzen dituzte. Baldintzak betetzen ez dituztenei —esate baterako Etxebizitzaren Eskubide Subjektiboa izateko diru-sarreren muga gainditzen dutenei— bizitoki horiek esleitzen bazaizkie, edo baldintzak betetzeari uzten zaionean esleipenari eusten bazaio, auzitan jartzen da sistema bera, hain zuzen ere duela 5 urte esleipen horretan beste pertsona batzuen aurretik lehentasunez sartu zen pertsonari eskubide hori eman zion sistema bera.  Horrenbestez, onartu beharko da baldintza horiek betetzeari uzten zaionean, apartamentua baldintza horiek betetzen dituen beste bati lagatzea.
  • Bestalde, bost urteko epera iristen denean, Sailak zehatz-mehatz aztertzen du kasu bakoitza, eta ez du erabaki arbitrariorik hartzen, hau da, kontuan izan beharreko testuinguru espezifikoak hartzen ditu aintzat. Arreta handiz aztertzen ditu bizikidetza-unitateen zaurgarritasun-egoerak hautematen diren kasuak. 
    Oro har, Sailak etxebizitza izateko eskubide subjektiboa aitortu zaien pertsona guztiak mantentzen ditu zuzkidura-bizitokietan, harik eta alokairuko beste etxebizitza babestu batzuetan kokatu ahal izan arte. Baliabiderik gabeko familia bakar bat ere ez da babesik gabe geratzen. Hain zuzen ere, Stop Desahucios-ek aipatzen dituen sustapenetan, etxebizitza izateko eskubide subjektiboa zuten eta zuzkidura-bizitokiko kontratua iraungitzen zitzaien pertsona guztiek badute bizitoki-soluzioa, izan apartamentuaren lagapenaren luzapena, izan beste mota bateko etxebizitza babestu bat. Aspalditik aplikatzen da irizpide hori, eta berriki berretsi da Eusko Legebiltzarreko ebazpen baten bidez.
  • Gainerako kasuak bizi diren udalerriko gizarte-zerbitzuekin batera aztertzen dira, pertsona horien egoerari behin-behineko edo behin betiko estaldura emango dion konponbide bat bilatze aldera. Lan-sistema horrek emaitza onak eman ditu askotan.
  • Horrez gain, zuzkidura-bizitoki horietan egonaldia amaitzen duten pertsonak Etxebideren sistemara itzultzen dira, eta antzinatasun osoari eusten diote esleipen-prozesu arruntetan; horrek eragin positiboa izango du parke publikoko etxebizitzak berriz eslei dakien.
  • Egungo testuinguru berezian, Sailak neurri zehatzak hartu ditu zuzkidura-bizitokietan egoteko kontratua amaitzen zaien pertsonentzako sei hilabeteko luzapenak aktibatzeko. Hortaz, Stop Desahucios-en jakinarazpenean aipatzen den pertsona bakar batek ere ez du etxebizitza data horretan utzi behar, beste sei hilabete gehiago izango du.  Guztiek dakite hori.  
  • Azkenik, gogorarazi behar da etxebizitza sozial bat edo zuzkidura-bizitoki bat esleitzeak zenbait kontraprestazio ere badituela, hala nola esleitutako etxebizitza zaintzea edo ezarritako errenta hilero nahitaez ordaintzea —errenta hori ez da inola ere etxebizitzan bizi den familiaren diru-sarrera haztatuen % 30 baino handiagoa izango—.Sailak, bestalde, beste formula batzuk ere baditu, hala nola merkatu libreko alokairua ordaintzeko laguntza ekonomikoak.

 Amaitzeko, nabarmendu behar da Sail honek egunez egun lanean jarraitzen duela Euskal Autonomia Erkidegoak etxebizitza-parke publikoa izan dezan eta, hartara, euskal herritarren beharrei erantzun dakien. 

Euskadi, auzolana