Hasiera

Euskadi.eusen sartu

 
Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Informazio
  • Ezohiko neurriak
  • Gaztelagun
  • Puntu lila
  • W3C-WAI. Esteka hau leiho berri batean irekiko da

Etxebizitza Sailak beste 84 etxebizitza eraiki ditu Ortuellan, eta jada alokairu sozialeko 6.800 etxebizitza daude Bizkaian

Argitalpen-data: 

  • Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila une honetan, Bizkaian, 1.035 etxebizitza eraikitzen ari da edo esleipen-prozesuan ditu; horietatik 515 Ezkerraldean eta Meatzealdean daude
  • Arriola sailburuak adierazi duenez, hutsik dauden etxebizitzak sustatzeko, erosteko eta gehitzeko politika integralaren eta epe luzerako inbertsio iraunkorren bidez soilik erantzun dakieke herritarren premiei

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburuak, gaur goizean, Visesa sozietate publikoak Ortuellan (Bizkaia) eraiki dituen etxebizitzak bisitatu ditu. Guztira 6,5 milioi euroko inbertsioa egin da eraikuntza horretan. Alokairu sozialera zuzenduko diren 84 etxebizitzako bi multzo dira (36 gehi 48), eta horien kudeaketa Alokabideren esku geratuko da. Bisitaldian, sailburuarekin batera izan dira Pedro Jauregui Etxebizitzako sailburuordea, Carlos Quindós Visesako zuzendari nagusia, Saulo Nebreda Ortuellako alkatea eta alkateordea, Oscar Salicio.

Arriola sailburuak sustapen hori kokatu du Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila etxebizitzaren arloan Euskadin eta, zehatzago, Bizkaiko Lurralde Historikoan egiten ari den jarduera garrantzitsuaren barruan. Une honetan, lurralde historiko horretan 1.035 etxebizitza eraikitzen ari da edo esleipen-prozesuan ditu. Etxebizitza horietako erdiak (515) Ezkerraldean eta Meatzealdean daude.

Iñaki Arriolak gogorarazi duenez, “etxebizitza hutsak sustatzeko, erosteko eta gehitzeko politika integralaren eta epe luzerako inbertsio iraunkorren bidez soilik lor daiteke biztanleria zaurgarrienaren etxebizitza-premiei erantzuteko behar besteko etxebizitza-parke publikoa”, eta adierazi du Eusko Jaurlaritzaren mendeko Alokabide sozietate publikoak Bizkaian soilik 6.800 alokairu sozial kudeatzen dituela eta Euskal Autonomia Erkidegoan, guztira, 14.730 direla.

Sailburuak, gainera, erakundeen arteko lankidetza goraipatu du, eta euskal udalei dei egin die “etxebizitza berriak eraikitzeko lurzoru egokiak eskain ditzaten, Ortuellakoak egin duen bezalaxe”.

Etxebizitzen ezaugarriak

Bi eraikinek beheko solairua eta bost altuera dituzte, eta barnean hartzen dituzte logela bateko etxebizitza 1, bi logelako 39 etxebizitza —horietako lau egokituak eta irisgarriak mugikortasun-arazoak dituzten pertsonentzat—, eta hiru logelako 44 etxebizitza. Etxebizitza guztiek dituzte sukaldeko altzariak eta etxetresna elektrikoak.

Multzoek berokuntza-sistema zentralizatu berriztagarria dute, A energia-kalifikazioko biomasa-sistema bidezkoa. Hornikuntza bideratzen da bi multzoen artean dagoen erabilera publikoko plaza pribatutik. Era berean, etxebizitza bakoitzerako bero-berreskuratzaileak daude.

Bestalde, bi eraikinen artean sortzen den plazatik arrapala bidez iristen da ibaiaren inguruko eremura. Eusko Jaurlaritza ari da eremu hori egokitzeko lanak egiten, eta bi mailak lotuko ditu: espaloia eta ibaiertza.

Aintzat hartu behar da, hau dela kupo bidezko esleipena egiten ari den lehen sustapenetako bat. Formula horrek ordezten du orain arte erabili den baremazio-sistema, eta formula horren helburua da premia ekonomiko eta sozial hutseko irizpideak aplikatzeak bazterkeria edo baztertze sozialeko egoerarik ez sortzea etxebizitza publikoen sustapen berrietan. Horretarako, kupo maximoak ezarri dira zenbait kolektiborentzat; lehentasuna eman zaie 36 urtetik beherako pertsonei, pertsona horien gizarteratzea errazteko eta alokairu publikoko eraikinetako egoiliarren profilak ahalik eta antzik handiena izan dezan euskal gizarte osoaren profilarekin. Hain zuzen ere, 2015eko Etxebizitzari buruzko Legean helburu hori jaso zen.

Sustapen honetan, etxebizitzen % 36 familia gazteei zuzenduko zaizkie, % 24 premia bereziak dituzten pertsonei, % 15 etxebizitzako eskubide subjektiboa aitortu zaien eskatzaileei eta gainerako % 25 kupo orokorrean atxikitako pertsonei. 

Ezkerraldean eraikitzen ari diren etxebizitzak

Aditzera eman den bezala, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta haren Visesa sozietate publikoak, gaur egun, 515 etxebizitza eraikitzen ari da edo esleipen-prozesuan ditu Ezkerraldean eta Meatzealdean. Horietatik, 174 eraikitzen ari dira gaur egun. Zehazki, 28 zuzkidura-bizitoki eraikitzen ari dira Abanto-Zierbenan, babes ofizialeko 72 etxebizitza Barakaldon eta beste 74 etxebizitza Santurtzin.

Etxebizitza horiei gehitu behar zaizkie amaituta dauden eta esleipen-prozesuan dauden beste 84 Ortuellan, 94 Santurtzin (58 zuzkidura-bizitoki eta 36 etxebizitza sozial) eta 163 Sestaon.

Euskadi, auzolana