Hasiera

Euskadi.eusen sartu

 
Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Informazio
  • Ezohiko neurriak
  • Gaztelagun
  • Puntu lila
  • W3C-WAI. Esteka hau leiho berri batean irekiko da

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Bizigarritasunari buruzko Dekretuak eraikin berrietan terrazak eta balkoiak eraikitzea lagunduko du

Argitalpen-data: 

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Bizigarritasunari buruzko Dekretuak eraikin berrietan terrazak eta balkoiak eraikitzea lagunduko du

  • Bizigarritasuneko gutxieneko baldintzak bakarrik arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko lehen araudia da
  • Proiektuak etxebizitza moldaerrazagoak eta malguagoak eraikitzea aurreikusten du, denborarekin bertako biztanleen baldintzetara, eta gaur egungo bizimoduetara eta premietara egokitzeko

Gaur goizean, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak ezagutzera eman ditu Eusko Jaurlaritza osatzen amaitzen ari den Bizigarritasunari buruzko Dekretuaren ildo estrategikoak. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzaren estandarrak hobetzeko eta handitzeko helburu nagusia du. Dekretuaren berrikuntza nagusietako bat da terrazen eta balkoien eraikuntza ez dela eraikigarritasun gisa zenbatuko. Horrek proiektu berrietan terrazak eta balkoiak ezartzen lagunduko du.  

Gaur egun, sektore- eta lurralde-mailan neurri batzuk kontuan hartzen diren arren, Euskal Autonomia Erkidegoan ez dago etxebizitzen bizigarritasuneko gutxieneko baldintzak bakarrik erregulatuko dituen araudirik, ez obra berrirako, ez jada eginak daudenetarako. Bizigarritasuna oinarrizko baldintza batzuei lotua dago azalerari eta altuerari, konfort termikoari, ekipamenduari, osasungarritasunari, irisgarritasunari, erabilerari eta mantentzeari dagokienez; baina etxebizitza bizitzaren etapa bakoitzera, eta egungo bizimodu eta premia berrietara egokitzeko malgutasuna edo moldaerraztasuna ahaztu gabe.

Moldaerraztasun hori kontuan hartuz, jada derrigorrezkoak diren puntuez gain —hala nola eraikineko bide eta espazio guztietara sarrera librea bermatzea, eta sustapen bakoitzean mugikortasun murriztuko pertsonentzako egokitutako etxebizitzak erreserbatzea— Eusko Jaurlaritzaren proiektuak hobekuntzak biltzen ditu,. Horretaz gain, gela bakoitzak (sukaldea, jangela/egongela, komuna eta logela bat gutxienez) gutxieneko neurriak izan beharko ditu, ondoren agertutako mugikortasun murriztuko pertsonek erabiltzeko edo, aldaketa txiki batzuk eginez, haien beharretara egokitzeko. Hala, etxebizitza guztiak erabilgarriak edo moldagarriak izango direla bermatuko da. Horrek jauzi kualitatibo nabarmena ekarriko du.  

Helburua da espazioen diseinuak kontuan hartzea etxebizitzan bizi diren pertsonen bizitzeko baldintzetan gerta daitezkeen aldaketak —adibidez, zahartzea eta mendekotasuna—.

Besteak beste, dekretuaren berrikuntzen artean dago etxebizitzaren deshierarkizazioa; hala, etxebizitzaren ohiko konfigurazio banandua eta tokibanatze tradizionala ezabatzen da. Konfigurazio hori betetzen zen, adibidez, etxebizitzan logela nagusia handia zenean eta beste gela edo gelak askoz ere txikiagoak (6 m2-koak zenbait kasutan) zirenean. Arau berriaren arabera, logela bakoitzak, gutxienez, 10 metro karratu eduki behar ditu, edo 11,5 metro karratu, biltegiratzeko espazioa badu. Hirugarren gelak —halakorik balego— soilik izan lezake 8,5 metro, baldin eta egongelari 3 metro gehitzen bazaizkio. Logelak lo egiteko lekua izateaz gain, espazio funtzioaniztuna izan behar du, eta ikasteko, lan egiteko, jolasteko edo erlazionatzeko ere balio behar du.

Halaber, eraikinen eta etxebizitzen diseinuan genero-ikuspegia ere hartu da kontuan, atarietan eta gune komunetan segurtasun-falta eragin dezaketen bazterrak eta angelu itsuak ekidinez, eta egongelako/jangelako/sukaldeko espazioa ahalik eta ondoen integratuz, etxeko lanak guziok ikusteko modukoak izan daitezen eta familia-unitate osoak parteka ditzan.

Etxebizitzaren gutxieneko azalera 35 m2-tan finkatu da; sukaldeak, berriz, gutxienez 7 m2 izan behar ditu, babes ofizialeko etxebizitzetarako jada eskatzen den bezala. Gainera, egongelako edo jangelako espazioarekin lotuta edo haren ondoan egon behar duela finkatu da.

Arau berriaren bidez egungoa baino etxebizitza moldaerrazagoa bilatzen da. Arauaren filosofia da, gutxieneko baldintzak bermatu ondoren, etxeen diseinuan eta eraikuntzan ahalik eta askatasun handiena ematea, eraikina berritzea erraztuz.

Kanpoko espazioa

Arriola sailburuak adierazi duenez, alderdi askotan dekretuak COVID-19aren ondoriozko ezinbesteko konfinamenduaren errealitateari aurrea hartu dio. Bizi izan dugun esperientziak argi utzi digu gaur egungo etxebizitzek mugak dituztela halako egoerei edo eginkizun berriei —telelana, adibidez— aurre egiteko.

Arriolak gaineratu duenez, “konfinamenduak bide onetik gindoazela berretsi du; halaber, kanpoko guneak —balkoiak edo terrazak— bizitzeko garrantzitsuak direla erakutsi digu; aire zabalera eta kalera irekita dauden guneak dira eta beste bizilagunekin harremanak izateko balio dute”.

Dekretuan “kanpoko espazioa” kontzeptua jaso da etxebizitzaren gutxieneko programaren elementu gisa, eta gutxienez 4 metro karratuko azalera izan behar duela adierazi da. Eta horren antolaketa errazteko, ahal denean, ez da etxebizitzaren azalera erabilgarritzat hartuko.

Bizigarritasunari buruzko Dekretuaren proiektua izapidearen azken fasean dago jada. Azken hilabeteetan, testuaren osaketak parte-hartze zabala izan du, hainbat erakundek euren ekarpenak egin baitituzte, adibidez, administrazio publikoek, unibertsitateak, elkargo eta elkarte profesionalek, EUDELek, enpresa-elkarteek eta mugikortasun urriko pertsonen elkarteek.  Prozesua amaituta, egin diren 732 ohar, alegazio eta proposamenetatik 185 hartu dira kontuan.  Testua —alegazioak barne hartuta— Eusko Legebiltzarrera igorriko da aurki, legebiltzarkideek ezagutu dezaten, eta nahitaezko azken txostenak egin beharko dira. Testua urtearen amaiera aldera onartzea aurreikusten da.

 

Euskadi, auzolana