Etxebide, etxebizitzaren euskal zerbitzua
Etxebide, etxebizitzaren euskal zerbitzua

ICOren abalak euskal gazteei etxebizitza erosteko

Argitalpen-data: 

Etxebizitza bat erosi ahal izateko behar besteko aurrezkirik ez duten gazteek Espainiako Gobernuak emandako abal publiko bat izango dute. Abal horrek, hala badagokio, erosketa-eragiketa egiteko behar duten % 20ko sarrera bermatuko die.

2024ko otsailaren 13ko Ministro Kontseiluan, Espainiako Gobernuak programa hau jarri du abian, 2.500 milioi euroko zuzkiduraz hornitua abaletarako, herritar gazteenei higiezin bat eskuratzen laguntzeko, horixe baita gaur egungo arazo handienetako bat.

Erosle batek etxebizitza bat erosi nahi duenean eta hipoteka bat behar duenean, bankuak ez dio behar duen kapital guztia ematen, baizik eta, gehienez ere, tasazio-balioaren % 80. Hau da, % 20 aurreztu behar da. Hori gertatzen da bai gazteentzat, bai ez direnentzat.

150.000 euroko higiezin baterako, adibidez, beharrezkoa da 30.000 euroko aurrezkia izatea lehenagotik.

Gazte askok ez dute horrelako aurrezkirik, eta, beraz, Estatua izango da finantza-erakundearen aurrean zenbateko hori bermatuko duena, baldintza jakin batzuen arabera: 35 urtetik beherako gazteak izatea, urtean 37.800 eurotik beherako errentarekin, 100.000 eurotik beherako ondarearekin, eta gutxienez 10 urtez jabetzan mantentzen duten ohiko etxebizitza baterako erabiltzea, besteak beste.

Alde batetik, etxebizitza erosteko aukera erraztu nahi zaie «lanpostu mugagabea eta soldata duina dutenei, baina aurrezkirik ez dutenei».

Eta, bestetik, abalen bidez alokairuaren merkatuak «etxebizitza bat erostera doazen pertsonak merkatutik ateratzean» bizi duen tentsioaren zati bat konponduko dela aurreikusten da.

Programa, nolanahi ere, Kreditu Ofizialeko Institutuarekiko (ICO) akordioari atxikitzen zaizkion finantza-erakundeen mende dago orain, beste neurri batzuekin gertatu zen bezala, hala nola enpresei abalak ematea pandemian zehar.

Aldez aurretik, Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioak hitzarmen bat sinatu beharko du ICO-Kreditu Ofizialeko Institutuarekin abal-lerroa gaitzeko.

Finantza-sektoreko iturriek ohartarazten dute hipoteken eskatzaile horiek gainerako erosleen prozesu bera jarraituko dutela.

Hau da, nahiz eta Estatuaren abala izan aurreztu gabeko finantzaketaren % 20rako, bankuek beren kredituetan aplikatu ohi dituzten kaudimen-baldintzak gainditu beharko dituzte. Honako hauek dira:

  • hipoteka-kuotak gora neurri gabe ez egitea.
  • lan-egonkortasuna izatea.
  • eta kaudimenez aurre egin ahal izatea.

Estatua aurrezkirik gabeko gazteen abal-emailea izango da, etxebizitza bat eros dezaten, eta abal-programa horri atxiki ahal izango zaizkio 35 urtetik beherakoak eta adingabeak ardurapean dituzten familiak, baldin eta aurreko bi urteetan legezko bizilekua Espainian izan duten lehen ohiko etxebizitza bada. 35 urtetik beherakoek eta adingabeak ardurapean dituzten familiek urtean 37.800 eurotik beherako diru-sarrerak izan behar dituzte.

Familia guraso bakarrekoa bada, muga 64.000 eurora arte igo ahal izango da; ardurapeko adingabe bakoitzeko, berriz, urtean 2.520 euro igoko da muga.

100.000 eurotik gorako ondarerako abalik ez da egongo.

Abal-lerro horri atxikitako finantzaketa 2025eko abenduaren 31ra arte eska daiteke, baina bi urtez luza liteke.

ICOrekin lankidetzan aritzen diren finantza- eta kreditu-erakundeetan eskatu behar da; seguruenik, Espainian eta Euskadin hipoteken merkatuan diharduten ia guztiak hartuko ditu ICOk.

Abalak 10 urte iraungo du gehienez, maileguaren amortizazio-epea edozein dela ere, eta ez du kosturik izango abal publikoen lerroari heltzen diotenentzat".