Euskadi.eusen sartu

Hasiera

 
Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Euskal Etxebizitzako Behatokia
  4.  
  5. Etxebizitza sektorea
  6.  
  7. Etxebizitza hutsa

Zalantzak, kontsulta, FAQak. Jenderik gabeko etxebizitzak

Herritar guztiek etxebizitza duin eta egoki batez gozatzeko daukaten eskubideak administrazio guztiak behartzen ditu beharrezko baldintzak sustatzera eta arau egokiak ezartzera, eskubide hori gauzatu dadin. 2015eko ekaineko Legeak etxebizitzaren funtzio soziala bermatzen du Euskadin eta hainbat mekanismo ezartzen ditu hori lortzeko, besteak beste, jenderik gabeko etxebizitzak mobilizatzea.

 

1.    Zer jotzen da jenderik gabeko etxebizitzatzat Euskadin?

Eusko Legebiltzarrak onartutako 2015eko ekaineko Etxebizitzaren Legearen arabera, etxebizitza bat jenderik gabe dago baldin eta jarraituki bi urtean baino gehiagoan okupatu gabe egon bada, eta, betiere, etxebizitza ez erabiltzea justifikatzen duen arrazoirik izan ez bada lege honetan edo lege hau garatzeko araudian ezarritako baldintzen arabera.

Jarraituki okupatu gabe egotea justifikatuta dagoela joko da baldin etxebizitza bigarren bizitetxea bada, edo lana, osasuna, mendetasuna edo gizarte-larrialdia dela-eta egoitza aldatu behar izan bada eta horregatik etxebizitza aldi batez desokupatu behar izan bada, edo titularrak merkatuko


prezioan baldin badauka eskaintzan jarrita, saltzeko edo alokatzeko, edo kasu horien pareko beste batzuk gertatzen badira. Halaber, okupatu gabe egotea justifikatzen duen arrazoia dela joko da titularra irabazi-asmorik gabeko entitateren bat izatea eta etxebizitza erabilera zehatz baterako gordetzea, kolektibo jakin batzuei zuzenduta.

 

2.    Jenderik gabeko etxebizitzen kanona

Etxebizitzaren jabetzaren funtzio soziala bete dadin sustatze aldera, Etxebizitza Legeak kanon bat ezartzen du jenderik gabe dauden etxebizitzen gainean. Euskal Autonomia Erkidegoko udalen ardura izango da jenderik gabeko etxebizitza deklaratutakoak zergapetzea. Urteko eta metro karratu bakoitzeko 10 euroko zerga izango da kanona, eta hutsi dagoen urte bakoitzeko %10 handitzeko aukera izango da, baina gehienez ere, hasierako kopurua hirukoiztu arte.

Kanona aplikatu ahal izateko, etxebizitza bakoitza jenderik gabeko etxebizitzatzat kalifikatzeko prozesua garatuko eta argi zehaztuko duen araudi bat onartu behar da.  Kalifikazio hori udalek egingo dute jabeei entzun ondoren, eta haiek egoki iritzitako alegazio guztiak egin ahalko dituzte.  Orduan bakarrik erabakiko dute udalek Etxebizitzaren Legean ezarritako kanona aplikatzen duten ala ez, eta gerora, beharrezko joz gero, Legean jasotako gainerako neurriak (nahitaez alokatzera behartzea, eta desjabetzea, muturreko neurri gisa).

Dagoeneko lantzen ari gara araudi hori eta espero dugu urtebetean onartuta egotea.

 

3.    Nahitaez alokatzea

Jenderik gabeko etxebizitza deklaratu direnak nahitaez alokatu beharra ezarri ahal izango da baldin eta kokatuta dauden eremuetan etxebizitzaren eskaria eta premia badagoela frogatzen bada, baina, betiere, jenderik gabeko etxebizitza deklaratu badira eta deklaraziotik urtebete igaro eta gero ere okupatu gabe jarraitzen badute. Udalek ezarri ahal izango dute nahitaez alokatu beharra, eta, subsidiarioki, etxebizitza-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak.

 

4.    Jenderik gabeko etxebizitza desjabetzea

Azkenik, eta betiere gorago aipatutako neurriak –kanona ordaintzea eta/edo nahitaez alokatzea– bete ez badira, jenderik gabeko etxebizitza desjabetu ahal izango da.

 

5.    Lan arloko arrazoiengatik lekuz aldatzen banaiz, etxebizitza desjabetuko didazue?

Ez. Arrazoi justifikatua dela ulertzen da, eta horrela dago ezarrita Legean. Beraz, ezin da kanona aplikatu, ezta nahitaez alokatzera behartu ere, eta are gutxiago nahitaez desjabetu.

 

6.    Etxe bat daukat uda pasatzeko, Bakion. Udan baino ez naiz joaten. Urteko gainerako hilabeteetan alokatzera behartuko nauzue?

Ez. Justifikatutako beste arrazoietako bat da. Ez litzateke ezer gertatuko bigarren bizitegi bat delako eta Legearen babesa duelako. Beraz, ezin da kanona aplikatu, ezta nahitaez alokatzera behartu ere, eta are gutxiago nahitaez desjabetu.

 

7.    Nire etxebizitza higiezinen agentzia batean jarri dut alokairuan, baina hutsik egon da bi urtez. Zer gertatuko da?

Ezer ez. Alokairu-merkatuan dago eta, beraz, ez da jotzen jenderik gabeko etxebizitzatzat merkatuko prezioan eskaintzen baduzu.

 

8.    Nire ama zahar-egoitza batean dago eta bere etxean ez da inor bizi. Jenderik gabeko etxebizitzatzat jotzen da amaren etxea?

Ez, ez da jotzen jenderik gabeko etxebizitzatzat. Legeak kausa justifikatutzat jotzen duen kasu bat da eta, beraz, ezin da kanona aplikatu, ezta nahitaez alokatzera behartu ere, eta are gutxiago nahitaez desjabetu.

Azken eguneratzea: 2018/10/08
  • logo
Rss bidezko harpidetza: 
Euskadi, auzolana