Hasiera

Euskadi.eusen sartu

 
Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Informazio
  • Etxebizitza
  • Gaztelagun
  • Puntu lila
  • W3C-WAI. Esteka hau leiho berri batean irekiko da

Alokairuari lotutako fidantzen gordailutzea eta itzulketa dagoeneko elektronikoki izapidetu daitezke oso-osorik

Argitalpen-data: 

  • Sistema telematikoak sinplifikatu egingo du izapidetzeko prozesua, eta erosoagoa eta sinpleagoa izango da herritarrentzat, nonahi eta noiznahi egin ahal izango baitute.
  • Sailak espero du kudeaketa-aplikazioetan sartutako hobekuntzen ondorioz berehala murriztea fidantzak gordailutzeko eta itzultzeko itxarote-denborak.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak errentamendu-kontratuen fidantzei eta erregistroari lotutako izapide guztiak oso-osorik elektronikoki egiteko aukera ematen duen sistema telematiko bat ezarri du. Horrela, beraz, fidantza gordailutzeko, itzulketa eskatzeko edo edozein aldaketa aurkezteko izapideak elektronikoki egin ahal izango dira. Sistemak, halaber, espedienteari dokumentazioa gaineratzeko eta jakinarazpenak jasotzeko aukera emango du.

Sistema azaroaren 25ean, asteartea, jarri da abian, eta, horren ondorioz, gehienetan Zuzenean zerbitzuak hiru lurralde historikoetan dituen bulegoetara egin behar ziren joan-etorriak ez dira egin behar izango aurrerantzean.

Horretarako, aplikazio espezifiko bat sortu da Bizilagun zerbitzuan (www.euskadi.eus/bizilagun). Aplikazio horren bidez, urrats guztiak egin ahal izango dira (eskabidea betetzearekin hasi eta fidantzaren gordailua banku-pasabide baten bidez ordaintzearekin amaitzeraino). Sistema horrek aurrerapen handia dakar herritarrei eskainitako arretan, eta izapidetzeko prozesua sinplifikatzeko aukera ematen du. Horrela, beraz, prozesu hori erosoagoa eta sinpleagoa izango da pertsonentzat. Izan ere, edonondik eta edozein ordutan sartzea ahalbidetzen du, administrazio-bulegoetara egin beharreko joan-etorriak saihesten ditu, espedientearen egoera zein den noiznahi jakiteko aukera ematen du, eta erabateko segurtasun juridikoa du. Gainera, sistema horren erabilerak epeak murrizten eta arintzen laguntzea espero da.  

Izapideak online egin ahal izateko, identifikazio-baliabide elektroniko bat behar da. Erabiltzen errazena B@kQ izenekoa da (itsasontzi-jokoa). Izan ere, edozein gailutan erabil daiteke (Pc-an, mugikorrean, tabletean eta abar), ez da softwarerik instalatu behar, ez da nabigatzailea konfiguratu behar, ez da txartel-irakurgailurik behar, interneten identifikatzeko eta dokumentuak sinatzeko aukera ematen du, erabateko lege-balioa du eta guztiz segurua eta doakoa da. B@kQ ziurtagiria Osakidetzaren osasun-zentroetan, KZgunea sareko zentroetan eta Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan eska daiteke.

Espedientea Bizilagun zerbitzuan hasi ondoren, datuak Eusko Jaurlaritzaren webguneko ‘Nire karpeta’ (euskadi.eus/micarpeta) izeneko eremu pertsonalizatu batean sartzen dira. Eremu horretan, aribideko edo amaitutako espedienteen inguruko kontsultak egin, jakinarazpenak eta komunikazioak jaso, egin diren eta egiteko geratzen diren ordainketak kontsultatu (ordainketa batzuk egiteke badaude, ordainketa-pasabidera jo ahal izango da ordainketa online egiteko), dagoeneko sortuta dauden espedienteei dokumentazioa gaineratu eta gordailuaren edo ziurtagiriaren ordezkagiria kontsultatu ahal izango da.

Gainera, identifikazio elektronikorik ez dutenek, prozesu osoa online egin ahal izango dute, sinatzea izan ezik. Horrela, beraz, edonoren esku egongo da gordailutzea eskatzea, dokumentazioa eranstea, fidantza online ordaintzea eta formularioa inprimatzea, Zuzenean zerbitzuaren bulegorik hurbilenean sinatuta entregatzeko.

Izapideak era presentzialean egin nahi dituztenek Zuzenean zerbitzuaren bulegoetara joan beharko dute eskatutako dokumentazioarekin. Euskadiko fidantzen gordailutzea 2016ko martxoan jarri zen abian, Etxebizitzaren Legea onartu ondoren, eta 77.000 etxebizitza baino gehiagoren bermea du dagoeneko. Harrez geroztik, maizterrari segurtasun juridiko handiagoa ematen dion tresna bihurtu da. Gainera, higiezinen alokairu-merkatua argitu du eta gardentasuna eman dio, eta zerga-iruzurra (etxebizitzaren kasuan, gizarte-iruzurra ere badena) murrizteko faktore garrantzitsu bihurtu da.

Izapidetze elektronikoari buruzko informazio guztia: www.euskadi.eus/ayuda-y-soporte-en-la-tramitacion/web01-sede/es/

Euskadi, auzolana