Sebastien Garnier y Alice Pittini
Sebastien Garnier (Innovation and Project Manager) eta Housing Europeko (The European Federation of Public, Cooperative & Social Housing) Alice Pittiniri (Research Coordinator) elkarrizketa
|
2018ko atzeraldiak aldaketa kuantitatibo eta kualitatibo bat ekarri zuen Europar Batasuneko estatu gehientsuenetako etxebizitza-politiken ikuspegian eta norabidean. Atzeraldiaren ondoren, zer estatu kidetan antzeman da moteltzerik handiena etxebizitza babestua sustatzeko programetan eta zailtasunik handienak dituzten herritarrek etxebizitza eskuratzeko sustapenetan?
"The State of Housing in the EU 2017" (1) izeneko gure argitalpenak dioen bezala, krisialdia aukera bat izan zitekeen etxebizitza eskuragarrien sektorean era arduratsuan eta ez espekulatiboan inbertitzeko garrantzia azaleratzeko, eta inflexio-puntu bat ekar zezakeen norabide horretan.
Halere, salbuespenak salbuespen, azken urteotan Europako etxebizitza sozialen edo eskuragarrien hornitzaileek baliabide gutxiagorekin jardun behar izan dute, eta finantza pribatuekiko mendekotasun handiagoa izan dute.
Alokairu sozialeko tradizio luzea duten herrialdeetan (Austrian eta Frantzian, adibidez), sektoreak erresilientzia handiagoa erakutsi du, baina, oro har, etxebizitza sozialaren rol mugatuagoaren bidean aurrera egiteko joera antzematen da Europa osoan. Izan ere, gero eta baliabide gutxiago bideratzen dira zailtasunik handienak dituzten herritarrentzako etxebizitza eskuragarria sustatzera (adibidez Herbehereetan).
Halere, etxebizitza sozialeko tradizio txikia duten herrialdeetan (Europako erdialdean eta ekialdean) edo finantza publikoetan krisialdiaren eragin berezia jasan dutenetan (Grezian, Irlandan, Italian eta Portugalen, adibidez), etxebizitza sozial eta eskuragarrien sustapena finantzatzeko —eta neurri sozialak barne hartuko dituzten— eredu berritzaileen bila egin dituzte ahalegin gehienak.
Hainbat herrialdetan, etxebizitza sozialen eraikuntzak eginkizun antiziklikoa jokatu du krisialdiaren ostean. Hala, Belgikako, Austriako, Frantziako eta Erresuma Batuko etxebizitza sozialen sustatzaileek urteko etxebizitzen produkzioa areagotzea lortu zuten 2005etik 2015era bitartean.
Dena den, herrialde askotan, aurrekontu-murrizketek eragina izan dute etxebizitza sozialen eskaintza berrian. Italian, adibidez etxebizitza publikoaren produkzioa erdira jaitsi zen 2005etik 2014ra bitartean, 9.000 etxebizitza ingurutik 4.600 etxebizitzara, hain zuzen. Espainian, 15.000 etxebizitzatik baino gehiagotik 2.500 etxebizitzara jaitsi zen kopurua 2005etik 2014ra.
Irlandako etxebizitza-elkarteek 1.300 etxebizitza eraiki zituzten 2005ean, baina 350 etxebizitza besterik ez 2014an, Estatuaren laguntzetan izandako jaitsiera dramatikoaren ondorioz. Herbeheretan, etxebizitza sozialen arloko irabazi asmorik gabeko elkarteek egindako etxebizitza berrien kopuruak 40.000tik 20.000 ingurura egin zuen behera 2009tik 2014ra, araudian egindako aldaketen eta murrizketa fiskalen ondorioz.
Grezian gertatutakoa ere enblematikoa da: Europar Batasunaren memorandumak behartuta, bertako etxebizitza sozialen agentzia publiko bakarrak ateak itxi egin behar izan zituen, herrialdeak jasotako finantza-laguntzaren ordainetan.
Ondorioz, esan dezakegu krisialdiaren aurretik Europako hainbat herrialdetan antzematen ziren joerak, alegia etxebizitza sozialen edo publikoen sektorean zorroztasun handiagoa eta erreformak, areagotu egin zirela finantza-krisialdia heldu zenean.
(1) http://www.housingeurope.eu/resource-1000/the-state-of-housing-in-the-eu-2017
|
|
Azken urteotan, zein dira eragile publikorik dinamikoenak (estatukoak, eskualdekoak, tokikoak…) etxebizitza babestua sustatzeko eta baliabiderik gutxien dituzten familiei etxebizitza eskuratzen laguntzeko orduan?
Ekonomiaren eta finantzen arloko joerak, hirietarako migrazio-prozesuak eta etxebizitza eskuragarri edo sozialen hornitzaileak ahuldu zituzten krisiaren osteko neurriak gero eta agerikoagoak dira gaur egun, batez ere hirietan.
Salbuespenak salbuespen, Europako nazio-gobernuek ez dute beharrezko erantzukizunik hartu etxebizitza-politikaren arloan, batez ere baliabide gutxiko familien beharrei erantzuna emateko.
Horren eraginak gero eta nabariagoak dira hiri handi eta dinamikoetan, non merkatuaren presioak eta espekulazioak gero eta indar handiagoa duten.
Gure ikuspegitik, gero eta hiri gehiago saiatzen dira herritar guztientzako etxebizitza duin eta eskuragarriak eskaintzen, joera berria da hori. Horren adibidea da Etxebizitza-eskubidearen aldeko hirien aliantzaren adierazpena, Nazio Batuen esparruan, Bartzelona eta Paris buru dituena: "Cities for Adequate Housing" (https://citiesforhousing.org/es/).
Adierazpen horrek dioenez, "tokiko gobernuok tresna arautzaileak eta exekutiboak behar ditugu gure auzoak espekulaziotik babesteko eta etxebizitzak hirietan bizi diren pertsonentzat izateko". Nazio-estatuen eta tokiko agintarien arteko eskumenak berrorekatzen ari direla ikusten dugu. Logikoa da. Tokiko gobernuek hautematen dituzte arazoak lehenik, ikuspegi hurbilago batetik. Haiexek ulertzen dute ongien nola diseinatu behar diren konponbide eraginkorrak, jendeak etxebizitzaren arloan dituen itxaropenei erantzuteko.
Bestalde, ulertu beharra dago finantzaketa-tresna sendoak eta esparru egonkorrak behar direla, eta, alde horretatik, badirudi eskualde- edo nazio-mailako jarduketa dela eraginkorrena. Hala, ikus dezakegu, adibidez, Alemaniako estatu federala etxebizitza sozialetarako finantza-euskarria indartzen ari dela, hirien presioaren eraginez. Lehenago, ordea, eskualdeen esku zeuden eskumen horiek.
Zentzu horretan, azpimarratzekoa da Europar Batasunaren politikak gero eta koherenteagoak direla hiriguneek duten gero eta eginkizun erabakigarriagoarekin. Hori dela eta, Hiri Agenda bat plazaratu du Europar Batasunak, baita etxebizitzaz arduratzen den talde bat ere, Europako arlo horretako ezagutza, finantzaketa eta politikak sendotzeko xedez.
|
|
Susperraldi ekonomikoaren prozesuan bultzatutako etxebizitza-politikak zenbateraino sustatzen ari dira etxebizitzen alokairua, erosketaren kaltetan? Era berean, hobesten ari da familiei etxebizitza eskuratzeko laguntzak ematea, etxebizitza babestuaren sustapen zuzenaren kaltetan?
Herrialde gehienetan, Alemania edo Suitza kenduta, hipoteka-finantzaketa eskuratzeko laguntzak (zuzenak edo fiskalak) askoz handiagoak dira etxebizitza alokatzeko laguntzak baino.
Erresuma Batuan, Herbehereetan eta beste herrialde batzuetan nabarmen ari da garestitzen erosteko etxebizitzaren prezioa, eta horren ondorioz, gero eta jende gehiago geratzen ari da etxebizitzarik eskuratu gabe. Era berean, etxebizitzak alokatzeko eskaria handitzen ari dela hautematen da, diru-sarrera apalak eta ertainak dituzten herritarrek eskatzen dituztelako.
Espainian izan ezik —bertan, etxebizitzen alokairua laguntzen ari da Estatua neurri handiagoan, batez ere etxebizitza babestuetan— ez da etxebizitza babestuaren alokairua sustatzeko joerarik ikusten. Halere, etxebizitza-merkatu orekatuak lortzeko, behar-beharrezkoa da alokairuaren eta erosketaren arteko oreka (fiskal eta politiko) handiagoa lortzea.
Era berean, Europan ere oreka berreskuratu behar dute etxebizitza soziala eta babestua eraikitzen laguntzeko politikek. Izan ere, politika horiek, krisialdian, pertsona eta familiei laguntzera bideratu ziren, baina haiekin batera ez ziren etxebizitza eskuragarriaren eskaintza egokia (kalitatean eta kantitatean) bermatzeko beharrezko pizgarriak bultzatu. Epe laburrerako laguntzak lehenetsi dituen etxebizitza-politikaren ikuspegi horrek egoera eutsiezinak ekar ditzake arlo fiskalean eta ekonomikoan.
'The State of Housing in the EU 2017' txostenak Erresuma Batuaren kasua aipatzen du, bertan arazo hori, agian, inon baino esanguratsuagoa baita: inbertsio publikoaren maila apalak etxebizitza eskuragarrien parke (alokairukoa zein jabetzakoa) txikiegia sorrarazi zuen, alokairuko errentak ordaintzeko laguntzak jasotzeko eskubidea zuten diru-sarrera txikiko familien kopuruak gora egiten zuen bitartean.
Alokairua ordaintzeko laguntzak eskatzen zituzten hiru familiatik bat (% 32) alokairu libreko merkatuko etxebizitzetan bizi zen. Egoera horrek nabarmen igoarazi zuen prestazio horiei lotutako gastu publikoa Erresuma Batuan azken urteotan. Hala, 2015-16an, horrelako laguntza eta prestazioen eskariak 4 milioi baino gehiago izan ziren, eta gastua guztira 24.700 milioi liberakoa izan zen 2014-15ean. Kopuru horrekin alderatuta, etxebizitza berriak eraikitzeko inbertsioa 5.400 milioi liberakoa izan zen 2014-15ean, hau da, aipatutako diru-laguntzen zenbatekoaren laurdena baino gutxiago.
Etxebizitzak gero eta urriagoak dira Europako herrialde askotan, batez ere hiriguneetan, gune horietan azkar handitzen ari baita biztanleria. Gauzak horrela, laguntza eta prestazioetan oinarritutako etxebizitza-politiken eredu hori kolokan jartzen hasi da.
|
|
Epe ertaineko ikuspegi batetik, herri-administrazioek bultzatutako jarduera-ildoak hobeto diseinatu eta gauzatzeko:
- Zein dira, zure ustez, sektore publikoak etxebizitzaren arloan datozen urteetan bultzatu beharko lituzkeen jarduera-ildo eta neurri zehatzak?
- Etxebizitza babestua sustatu behar da argi eta garbi, herri-administrazioek familientzako laguntza zuzenak handitzeko egiten duten apustuaren kaltetan?
- Zer estatu edo eskualde-gobernu ari dira politika eta programa bereziki interesgarriak aplikatzen, zure iritzian, alokairua sustatzeko eta zailtasunik handienak dituzten herritarrek etxebizitza babestua eskuratzeko?
Lehenbizi, zaila da Europa mailako erantzun egokia ematea. Idiosinkrasiari lotutako nazioko, eskualdeko eta tokiko parametro askoren mende dago. Etxebizitzaren arloko erronkak eta premiak oso ezberdinak dira Europaren barruan.
Esan daiteke etxebizitza duina eta egokia eskuratzea funtsezko eskubidea dela, baita tresna indartsua ere komunitateak, hiriak eta herrialdeak indartzeko. Zentzu horretan, etxebizitza sozial eta eskuragarrien hornitzaileek —haietatik 43.000 Housing Europek ordezkatzen ditu (http://www.housingeurope.eu/section-37/about-us)— beren etxebizitza-zerbitzuen bidez laguntzen dute egoera soziala hobetzen, pobreziari eta erronka demografikoei aurre egiten, etxebizitzen osasuna eta erosotasuna hobetzen, energia eraginkortasun handiagoz erabiltzen eta mugikortasun soziala bideratzen, baita guztiontzako aukerak sustatu eta tentsioak eta arazo sozialak eragotziko dituzten auzo egokiagoak sortzen ere.
Hortaz, politika publikoen arloan espero daitekeen gutxieneko ahalegina da etxebizitzaren funtsezko rola onartzea eta nolabaiteko garrantzia ematea. Adibidez, nazioko, eskualdeko eta tokiko gobernu bakoitzak epe luzerako etxebizitza-estrategia bat izan beharko luke, premia ekonomiko eta sozialetan oinarritua, eragileei (enpresa eta erakunde pribatuei, publikoei, irabazi asmorik gabekoei eta abarri) seinale argiak bidaltzeko, etxebizitza sozialetan diharduten hornitzaileei eginkizun berezia aitortuz. Horretan oso zeregin garrantzitsua dute Etxebizitzaren Euskal Behatokiak —azpimarratzeko moduko eredua da— eta antzeko erakundeek.
Hainbat eta hainbat politika eta programa interesgarri daude alokairua eta zailtasunik handienak dituztenentzako etxebizitza babestua sustatzeko. Alde horretatik azpimarratzekoa da Finlandia, non etxebizitzarik gabeko pertsonen kopurua nabarmen murriztu baitzuten 'Housing First'-Housing First Europe Hub metodoaren bidez. Ildo horretan, Housing First metodoari buruzko gidaliburua argitaratu da gaztelaniaz. Hona hemen oinarrizko kontzeptua: etxebizitzarik gabeko jenderik ez egoteko, batez ere laguntza-zerbitzuen laguntza handia behar dutenen artean, lehen etapa, eta ez azkena, etxebizitza eskuratzea da.
Austrian eta Herbehereetan, etxebizitza sozialen askotariko eskaintza oso eraginkorra da diru-sarrerarik txikienak dituzten pertsona eta familien eskariari erantzuteko, eta, aldi berean, auzoetan eraginkortasunez jarduteko, nolabaiteko aniztasun soziala bermatze aldera. Frantzian ere nagusitzen ari da ikuspegi hori.
Alemanian, Suitzan eta Europa iparraldeko herrialdeetan, azpimarratzekoa da etxebizitza-kooperatiben zeregina, proiektu eskuragarriak eskaintzen baitituzte ikuspegi sozialetik, arkitektonikotik eta urbanotik klase eta mota ezberdinetako herritarrentzat.
Europako ekialdean, hainbat ekimen jarri dira abian etxebizitza sozialak edo eskuragarriak plazaratu edo garatzeko, nazioko edo tokiko ekimenen bidez, esate baterako Txekiar Errepublikan.
Azkenik, baliabide publikorik ezean, finantzaketa pribatua bilatzea da azken urteetan indartzen ari den joera. Nolabaiteko itzulkin finantzarioa, baina baita soziala ere, lortu nahi duten finantzaketa-iturriak erakarri eta eskuratzeko adibide interesgarriak daude.
Aprobetxatuko dugu esateko garrantzi handikoa dela etxebizitza sozialari lotutako gai guztiei buruzko esperientziak nazioartean partekatzen jarraitzea. Hori dela eta, 2019ko ekainaren hasieran Lyonen (Frantzia) izango den International Social Housing Festival ekitaldiaren 2. edizioaren antolatzaileetako bat da Housing Europe. (https://socialhousingfestival.com/)
|
|
Azkenik, zer iruditzen zaizkizu Euskadiko etxebizitza-politikak? Nolakoak dira Europar Batasuneko estatu eta eskualde nagusietako etxebizitza-politiken arloko joera nagusiekin alderatuta?
Lehenago esan dugun bezala, eredugarriak dira Euskadin etxebizitza-politiken arloan egindako aurrerapenak. Etxebizitzaren Euskal Behatokia jarraitu beharreko eredua da, agerian jartzen baitu zenbateko garrantzia ematen zaion gaiari.
Horrez gain, Etxebizitza Plan Zuzentzaile berrirako partaidetzako kontsulta publikoaren prozesua ere azpimarratu behar dugu. Nahiko berezia da Europan. Beste herrialde eta eskualde batzuek jarraitu beharko luketen beste gai bat GAZTELAGUN programa da, 23 eta 35 urte bitarteko gazteen emantzipazioa errazteko programa. Ikusi dugunez, etxebizitza aurkitzeko gero eta zailtasun handiagoak dituen beste talde bat da hori. Programa horrek lagundu egiten die gazteei etxebizitza eskuratzeko ibilbidean, eta belaunaldien arteko arraila ixten du arlo horretan.
Azkenik, aipatu nahi nuke Housing Europek horrelako jardunbide egokiak bultzatu nahi dituela, eta horretarako ERHIN lehiaketa antolatzen duela, 2019an proiekturik onenak saritzeko: http://www.responsiblehousing.eu/).
|
|
|
MILA ESKER ZURE LAGUNTZAGATIK
|
|
|
|
|
|
|