18. zkia. 2018eko Urtarrila |eus | es

elkarrizketatu ditugu...

Pedro Javier Jauregui Fernández
Etxebizitza sailburuordea

Abenduaren 22an, Eusko Legebiltzarrak Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onetsi ditu 2018ko ekitaldirako, 11.486,4 milioi eurokoa izanik. Horrek %3,9ko gehikuntza ekarri du 2017arekiko, eta 426,7 milioi euroko igoera zifra absolutuetan.

Zeintzuk dira horren ondorioak Sailerako?

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 205,9 milioi euroko aurrekontua izango du 2018an. 2017ko gastu erabilgarriaren % 7,2ko gehikuntza da hori.

Etxebizitzaren arloari dagokionez, Sailaren aurrekontua 126,98 milioi eurokoa da, hots, % 4ko gehikuntza 2017aren aldean. Baina ekitaldi honetarako etxebizitzaren arloko zuzeneko gastu-politiken aurrekontu-ahalmena zehazteko, Visesa eta Alokabide sozietate publikoen aurrekontuak gehitu behar ditugu analisian. Horrela, 2018rako, Visesak 122,7 milioi euroko gastu-aurrekontua du eta Alokabidek 77,8 milioi eurokoa.

Guztira, etxebizitzako gastu-aurrekontua, Saila eta hari atxikitako sozietate publikoak batuta, 327,5 milioi eurokoa da.

 

Zertan gastatuko du Etxebizitzako Sailburuordetzak aurrekontu hori?

Guztizko zifra horretatik, % 62 alokairu-politikei zuzenean egozteko gastua da, eta % 26 hiri-birgaitzeko politikei egozteko gastua. Eta azken hori deskontatuta, etxebizitza-programaren zuzeneko gastuaren % 84 alokairu-politikei esleitzen zaie: hots, Etxebizitzari buruzko Legean finkatutakoaren gainetik. Etxebizitza-programak hiru helburu ditu ardatz:

  • 1. Etxebizitzari buruzko Legea erregelamenduz garatzea eta Etxebizitzarako Eskubide Subjektiboa (EES) bermatzea. Eskubide hori asetzeko, 2018an alokairuko etxebizitzak esleituko dira Alokabidek kudeatutako parke publikoa txandakatuta, Biziguneren atzemate berrien bidez, etxebizitza sozialak eta zuzkidura-bizitokiak esleituta eta etxebizitzarako prestazio ekonomikoak (EPEak) ordainduta. Ekitaldia ixtean, kalkulatzen da 2.500 etxek izango dutela aitortua EESa. Prestazio ekonomiko horiek estaltzera bideratutako partida 2 milioi eurora zabal daitekeen partida batez hornitu da.
  • 2. Alokairuaren bultzada, eraikuntza berriaren bidez, etxebizitza hutsak atzemanda eta alokairua ordaintzeko zuzeneko laguntzen bidez. 2018rako helburua da Bizigune programak atzemandako 5.400 etxebizitzatara iristea (partida % 8 igotzen da, 26 milioietaraino, eta etxejabeei ordaindu behar zaien gehieneko errenta 600 eurora igotzen da egungo 525etatik), eta beste 400 etxebizitzatara ASAP programaren bidez.
  • 3.Bizitegi-parkearen birgaitzea bultzatzea. Datorren urtean, etxebizitzako gastuaren 3 eurotik ia 1 hiri-birgaitzeko politiketara bideratuko da. Politika horiekin gure etxebizitza-parke zaharkitua berritu nahi da, irisgarritasuna, energia-eraginkortasuneko eta bizigarritasuneko baldintzak hobetuta eta auzo degradatuenetan bizi diren pertsonen gizarteratzea erraztuta.

Eraikinen Ikuskapen Teknikoen (EITen) bultzada indartuko da, arlo horretan udalei laguntza emanik eta irisgarritasunaren arloan ahalegin handiagoa eginez. Horrela, Birgaitzeko Renove Planak irisgarritasuneko eta hiri-berroneratzeko jarduketa guztiak bilduko ditu, efektu biderkatzailez eragiteko sektoreko jarduera ekonomikoan eta merkatu-hobi berri honi lotutako enplegua mantentzean eta sortzean.

2018an 21 milioi euro izango ditu etxejabeei eta auzokide-elkarteei 15.000 etxebizitza birgaitzen laguntzeko. Eraikin taldeen energia-eraginkortasunaren hobekuntza espezifikorako 6,4 milioi euro jaso dira, 1.322 etxebizitzatara iristeko helburuarekin. Beste 6,4 milioi euro udalek irisgarritasunaren arloan eta hiri-espazioetan eraikuntza-oztopoak ezabatzeko 140 proiektu berri finantzatzera bideratuko dira. Sestao Berrik 1,9 milioi euro jasoko ditu Sestaon berroneratze-jarduketak egiteko. Eta Visesak, 5,9 milioi euro gastu konprometituetan 2019 arte, Vitoria-Gasteizeko Koronazio auzoaren birgaitze integrala egiteko.

 

Etxebizitzako Sailburuordetzak denbora darama etxebizitza huts pribatua mobilizatuz alokairu publikoan jartzeko. Ildo horretatik jarraituko al du 2018ko aurrekontuak?

Etxebizitza erabiliak alokairu publikora mugitzeko apustuarekin jarraitzen du eta, are gehiago, gehitu egin da, Bizigune eta ASAP bitartekotza-programen bitartez.

Programa publiko horien komunikazioa areagotuko dugu eta apartamentu turistikoei bizitegi-erabilera emateko aukera gisa eskainiko dira. Etxebizitza hutsei bizitegi-erabilera emateko presio fiskaleko neurriak bultzatzen ari diren euskal udaleei modu proaktiboan eta kolaboratiboan hurbilduko gatzaizkie. Eta aurrera egingo dugu etxebizitza hutsen erregistroak aktibatzeko behar den guztia prest edukitzeko Auzitegi Konstituzionalak agindutako etenaldiari buruz epaia eman ordurako edo, agertoki txarrenean, neurri alternatiboak prest edukiko ditugu.

2018rako ezarritako helburua Bizigune programak atzemandako 5.400 etxebizitza erdiestea da (diru-hornidura % 8 gehituz, 26 milioi eurotaraino, eta jabeei ordaindu beharreko egungo 525 €-etatik 600€-ko gehienezko errentara igoz) eta baita beste 400 etxebizitza atzematea ere ASAP programaren bitartez.

ASAP programari berrikuspen sakona egingo zaio 2018an eta Biziguneren alternatiba osagarri bilakatu behar da; jabeei aplikatzeko errenta maila altuagoak eta Bizigunekoak baino diru-sarrera altuagoak dituzten maizterren segmentuak bilduko ditu.

Programa horretan Gobernuak bere gain hartzen ditu errentak ez ordaintzearen eta etxebizitzetan gertatutako kalteen aseguruen kostuak; hortaz, baliabide publiko gutxi kontsumitzen ditu.

Mobilizatu nahi ditugun etxebizitzak, zati batean, etxebizitza kudeagarriak deritzotenak dira (35.000 etxebizitza inguru Euskadin, 2015eko datuen arabera), etxebizitza hutsen azpi-multzoa direnak (56.000 etxebizitza inguru, 2015eko datuen arabera); beraz, bigarren egoitzako etxebizitzak ez ditu barnean hartzen, ez daude aurri-egoeran eta ez daude jada eskaintza-merkatuan, ez salmentan ez eta alokairuan ere.

Badakigu etxebizitza kudeagarrien % 60ek bizigarritasun-erazoak adierazten dituztela, % 21ek aldez aurreko berrikuntza txikia edo ertaina behar dutela eta % 12ek aldez aurreko erreforma garrantzitsua behar dutela.

Badakigu gainerako etxebizitza hutsak baino zaharragoak direla eta 10 etxebizitza kudeagarrietatik 9 jabe partikularren eskuetan daudela eta ez higiezinen enpresa handien edo inbertsio-sozietateen eskuetan, ez eta administrazio publikoaren eskuetan ere.

Horregatik, etxebizitza erabiliak alokairu publikora mugiarazteko apustua indartzeak etxebizitza horiek baliabide publikoekin aldez aurretik birgaitzea eskatzen du, jabeek etxebizitza horiek Bizigune eta ASAP bitartekotza-programa publikoen eskura jartzearen truke. .