Etxebide, etxebizitzaren euskal zerbitzua
Etxebide, etxebizitzaren euskal zerbitzua
Babes publikoko etxebizitzen kontratuei oniritzia ematea

Babes publikoko etxebizitzen kontratuei oniritzia ematea

Kontratuei oniritzia ematea honako hauek arautzen dute: Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 25. artikuluak eta Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 37. artikuluak..

Oniritzia ematearen xedea da egiaztatzea ezen babes publikoko kalifikazioa duten sustapen publikoko etxebizitzak zein haien eranskinak eta lokal edo higiezinak –zuzenbidean onargarri den edozein tituluren bidez– lehenengo edo ondorengo aldietan eskualdatzeko edo erabiltzen lagatzeko egintzak eta kontratuak legearen araberakoak direla, honako alderdi hauei erreparatuz:

  • Eskuratzaileek edo okupatzaileek betetzen dituztela eskuratu edo okupatzeko baldintza orokorrak.
  • Kontratuek badituztela nahitaez ezarri beharreko klausulak eta zehazten dutela kalifikazioaren iraupena eta modalitatea.

Ez da oniritzirik ematen egiaztatzen denean eskuratzaileek edo errentariek ez dituztela betetzen babespeko etxebizitza bat eskuratzeko eskatzen diren baldintzak.

Etxebizitzako lurralde-ordezkaritzek 3 hilabeteko epea izango dute oniritzia ematen duten ala ez jakinarazteko. Oniritzi-eskaria erregistroan sartu den egunetik hasiko da zenbatzen epe hori. Epe horren barruan ez badute jakinarazpenik egin, oniritzia eman dutela joko da, administrazioaren isiltasunagatik.

Notarioek, eskritura publikoak egin aurretik, egiaztatuko dute kontratuek oniritzia jaso dutela, eta erregistratzaileek uko egingo diote inskribatzeari, oniritzia jaso dutela frogatzen ez bada. Biek etxebizitza-gaietako lurralde-ordezkaritzari jakinaraziko diote kontratuak ez duela oniritzirik jaso.

Etxebizitza-gaietako lurralde-ordezkaritzen aldez aurreko oniritzia beharko da egintza hauetarako:

  1. "Inter vivos" edo "mortis causa" eskualdatzea babes publikoko etxebizitzak eraikitzeko kalifikazio urbanistikoa duten lursail, partzela edo orubeen jabetza edo azalera-eskubidea, edo horien gaineko eskubide errealak eratzea, hipotekaren kasuan izan ezik.
  2. "Inter vivos" edo "mortis causa" eskualdatzea babes publikoko etxebizitzaren nahiz eranskin edo lokal kalifikatuen jabetza edo azalera-eskubidea, edo horien gaineko eskubide errealak eratzea, hipotekaren kasuan izan ezik.
  3. Babes publikoko etxebizitzak zein atxikitako eranskinak –zuzenbidean onargarri den edozein tituluren bidez– erabiltzen lagatzeko egintzak.
  4. Sozietateen, ondasun-erkidegoen edo nortasun juridikorik gabeko bestelako erakundeen akzioak, partaidetzak edo kuotak eskualdatzea, gutxienez aktiboen % 50 sustapen bereko babes publikoko etxebizitzek osatzen badute.

Jabe partikularrak errentatzaile dituzten errentamendu-kontratuei tratamendu berezia emango zaie. Jabetzan edota azalera-eskubidean esleitutako babes ofizialeko etxebizitzen titularrek errentan edo prekarioan laga ditzakete aipatu higiezinok, betiere, dagokion lurralde-ordezkariak horretarako baimena eman badu espresuki. Errentamendu-kontratuak ezin izango du 5 urte baino gehiago iraun. Bestetik, errentamendu-kontratua egiteko baimena emango da baldin eta etxebizitzan ez bizitzeko aldi baterako arrazoirik bada, eta etxebizitzaren titularra, titularraren ezkontidea, edota era horretako afektibitate-harremana izanik titularrarekin bizi den pertsona ez badira beste etxebizitza baten jabe. Babes ofizialeko etxebizitza batean ez bizitzea eta hura errentan ematea justifika dezaketen aldi baterako arrazoi dira:

  1. aldi baterako lan-arrazoiak (gutxienez urtebete, eta gehienez ere 5 urte).
  2. aldi baterako osasun-arrazoiak (gutxienez urtebete, eta gehienez ere 5 urte).
  3. senitartekoren batekiko mendekotasuna (gutxienez urtebete, eta gehienez ere 5 urte).
  4. arestian aipatutakoen antzerako beste edozer arrazoik, denbora-muga berberetan.

Eskualdatzeen edota salerosketen kasuan, etxebizitza eskualdatzen duenak edota azalera-eskubidea edo beste edozer eskubide erreal (hipotekaren eskubide erreala izan ezik) eratzen duen jabeak aurkeztu beharko du kontratua, oniritzia eman diezaioten.

Errentamendu-kontratuen kasuan, babes ofizialeko etxebizitza errentan ematen duenak aurkeztu behar du kontratua, oniritzia eman diezaioten. 

Agiri hauek aurkeztu behar dira oniritzi-eskaerarekin eta behar bezala betetako inprimaki ofizialarekin batera: "mortis causa" eskualdatzearen kasuan, jaraunspena onartzeko eskrituraren zirriborroa, jaraunsle guztiek sinatua, edo onarpen hori jasota uzten duen idazki bat, jaraunsle guztiek sinatua. Agiri horrek honako hauek zehaztu beharko ditu: kalifikatutako etxebizitza, eranskin edo lokala, eta jaraunsle bakoitzari dagokion titulartasun-portzentajea, lagapena jasota gera dadin Babes Publikoko Etxebizitzen eta Zuzkidura Bizitokien Erregistroan. "Inter vivos" eskualdatzearen kasuan, berriz, kontratu pribatua aurkeztu behar da, ezarritako prezioa Etxebizitzaren Legearen 27. artikuluak eta lege hori garatzeko arauek ezarritakoarekin bat datorrela egiaztatzeko.

Adi

Babes ofizialeko etxebizitzak eta horiei atxikitako eranskinak eskualdatzeko nahiz horiek errentan emateko kontratuei oniritzia emateari buruzko informazioa eman dugu orrialde honetan, ez besterik. Hortaz, kasuan kasu aplikatu behar diren arauetan xedatutakoa bete beharko da espedienteak izapidetzeko orduan.