Hasiera

Euskadi.eusen sartu

 
Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Informazio
  • Etxebizitza
  • ASAP
  • W3C-WAI. Esteka hau leiho berri batean irekiko da

Argitalpen-data: 2017/09/20

Etxebizitza Sailak Etxebizitza sortu du, eztabaida eta herritarrekiko komunikazioa sustatzeko plataforma

Etxebizitza bat eskuratzeko eskubide subjektiboa garatzen duen dekretu-proiektua, kanal berrian eztabaidatuko den lehen gaia, inkesta bat eta hiru eztabaida-fororen bitartez Arriola sailburuaren ustez, herritarren partaidetza funtsezkoa da etxebizitza bat behar duten herritarren eta beren etxebizitza hobetu (birgaitzea, eraginkortasun energetikoa edo irisgarritasuna) behar duten horien benetako beharrak aseko dituen euskal etxebizitza-politika bat diseinatu ahal izateko

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak Etxebizitza, Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren hiritarren partaidetza eta horiekiko komunikazioa sustatzeko plataforma berria aurkeztu du gaur goizean. Sailburuaren hitzetan, “instrumentu hau luzaroan lan egiteko eta euskal etxebizitza-politikari dagokionez herritarren partaidetza eta horiekiko komunikazioa sustatzeko etengabeko bitartekoa izateko jaio da”.

Plataformak xede bikoitza dauka: Etxebizitzan interesa duten herritarrentzako eta profesionalentzako komunikazio-kanal bat irekita mantentzea, arlo horretako gai ezberdinen inguruko beren iritzia eman dezaten inkesta eta eztabaida zehatzen bitartez; eta sarean egondako elkarrekintzaren ondorioz sorturiko proposamenak eta ideiak jasoko dituen erreminta bat izatea.

Horretarako, partaidetza-funtzioak eskaintzen ditu Etxebizitzak, eztabaidak izan, inkesta zehatzei erantzun eta proposamenak egin ahal izateko, bai Jaurlaritzatik proposatutako gaien inguruan bai jendeak proposaturiko gai berrien inguruan ere. Eta komunikazio-funtzioak ditu ere: etxebizitza arlorako interesgarriak diren jarduera eta ekitaldien agenda eta Sailaren partaidetza duten jarduerak ezagutzeko aukera.  

Horrez gain, etxebizitzaren arloko artikulu eta berri garrantzitsuenak kazetaritza-ikuspegitik jasotzen dituen blog bat dauka ere. Eta, azkenik, profesionalentzako gune esklusibo bat (intranet bat) dago ere, non talde horretarako garaturiko partaidetza-erremintak erabiltzeko aukera egongo den.

Etxebizitza sailak baditu mota honetako beste esperientzia batzuk martxan dagoeneko, ibilbidea luzea izan baitu partaidetza-prozesuen garapenean eta nazioarteko lankidetza-esperientziatan parte hartzen baitu ere, jardute onenak ezagutu eta partaidetza arrakastatsuagoa eta eraginkorragoa ekarriko duten metodologia berriak aplikatu ahal izateko. 

Etxebizitzaren berritasunetako bat da etengabe operatiboa egongo den plataforma bat dela, denboran zehar luzatuko diren partaidetza-prozesu ezberdinak ahalbidetuz honela. Bigarrena da bi hartzaile-profil ezberdin dituela jomugan.

Lehena, hiritarrak, etxebizitza-politikaren azken hartzaileak diren heinean. Zentzu horretan, Etxebizitza Sailak funtsezkoa deritzo jendearen iritziak eta beharrak ezagutzea eta etxebizitza baten zain -alokairukoa zein salmentakoa- Etxebide-Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan izena eman duten pertsona horienak bereziki. Etxebizitza, bestalde, etxebizitzaren arloko entitateekin eta adituekin harremanetan jartzeko topagunea izango da, bai eta beren arteko harremanak sustatzeko gunea ere. Entitate eta aditu horiek oso profil ezberdinak dituzte: beste erakunde batzuk (udalak gehienbat), arkitekturaren arloko profesionalak, eraikuntza enpresak, higiezinen jabetzako agenteak eta finken administratzaileak, etxebizitzaren arloan ikerketak egiten dituzten pertsonak, etab. Hau da, profesional-talde zabala, zeinaren iritzia oso garrantzitsua den, sektoreari buruz duen ezagutza dela-eta.

Arriola sailburuak azpimarratu duenez, oso garrantzitsua da herritarren iritzia eta ekarpenak era egonkorrean eta etengabean jasotzea "etxebizitza bat behar duten herritarren eta beren etxebizitza hobetu (birgaitzea, eraginkortasun energetikoa edo irisgarritasuna) behar duten horien benetako beharrak aseko dituen euskal etxebizitza-politika bat diseinatu ahal izateko”. Eta horrek guztiak beste onura bat ere dakarrela gogoratu du, “gizarte-kontsentsu handiagoa duten eta etorkizunari begira egonkorragoak diren politikak diseinatzea ahalbidetzen baitu".  

Herritarrei proposatuko zaien lehen gaia ondokoa izango da: etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboa garatzen duen dekretu-proiektua. Gaur bertan, arautegiaren inguruko iritzia ezagutzeko inkesta bat abiarazi da, bai eta gai honen inguruko hiru eztabaida-foro ere. Parte hartzeko epea urriaren 8ra arte egongo da irekia.

Pertsona guztiak eztabaidan parte hartzeko gai izan daitezen, aurreproiektuari loturiko gai garrantzitsuenen inguruko gida-laburpen bat argitaratu da plataforman. Honakoak dira, besteren artean: dekretuaren xedea eta etxebizitza baten legezko okupazioa lortzeko eskubidea bermatzeko moduak, legezko okupazioa lortzeko eskubidearen gauzatzea, eskatzaileek bete beharko dituzten eskakizunak ezarriz, eskubidearen iraungitze-data eta onuradunen betebeharrak, eskubide subjektiboa aitortzeko prozedura, etxebizitza prestazio ekonomikoa (EPE), bere izaera eta jomuga, ikuskapen-erregimena, prestazioen aldatzea eta iraungitzea eta prestazio bidegabeen itzultzea.

Gogoratu beharra dago Dekretuaren jendaurreko informazio epea iragan abuztuaren 7an ireki zela, proiektuaren testua beren eragina pairatuko duten erakunde-eragileei bidaliz, bai eta legebiltzar-taldeei ere, bere edukia ezagutu eta egokiak deritzeten helegiteak eta ekarpenak aurkez ditzaten. Proiektua Gardena Eusko Jaurlaritzaren gardentasun atarian eskuragarri dago egun hartatik, eta gaurtik aurrera Irekia bitartez parte hartzeko aukera egongo da ere.

Euskadi, auzolana