Hasiera

Euskadi.eusen sartu

 
Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Informazio
  • Gaztelagun
  • Etxebizitza
  • Puntu lila
  • W3C-WAI. Esteka hau leiho berri batean irekiko da

Eusko Jaurlaritzak eta Durangoko Udalak 4 milioi euro baino gehiago inbertituko dituzte Aramotz auzoko hiri-berroneratzerako eta eraikinen birgaitzerako

Argitalpen-data: 

  • Lankidetza publiko-pribatuan oinarritu da ekimena eta komunitatearen parte-hartzea eta elkarte-sarearen inplikazioa bultzatu ditu
  • 16 eraikin (128 etxebizitza) osotasunean birgaitzea proposatu du
  • Halaber, Hurbileko Bulego Tekniko bat sortuko da auzoan, informazioa eman, lanak eta laguntzak kudeatu eta auzoaren ekonomia berrindartzea xede duen tokiko prestakuntza eta enplegu plan bat sustatzeko

firma en DurangoEusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak, Durangoko Udaleko alkate Aitziber Irigorasek eta Durango Eraikitzen sozietateko presidente Pilar Ríosek lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean. Xedea da hiri-berroneratzeko eta eraikinak birgaitzeko proiektu bat garatzea Durangoko Aramotz auzoan. Bi administrazioek 4 milioi eurotik gora inbertituko dituzte proiektuan, zuzenean, datozen lau urtetan. Proiektuak aurreikusi duen guztizko inbertsioa 6,6 milioikoa da. Beste 2,4 milioiak auzokideek ordainduko dituzte. Hauek, diru-laguntza eta finantza-babes ezberdinak izango dituzte ordainketei aurre egin ahal izateko.   

Durangoko Udalak 2.178.000 euro inbertituko ditu, zehazki; Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako Sailak, aldiz, 2.040.000 euroko inbertsioa aurreikusi du.

Jarduketa-programa hau hiri-berroneratzeko eragiketak Euskadiko udalerri ezberdinetan bultzatzea xede duen Eusko Jaurlaritzaren 2017-2022 Lurralde Inbertsio Plan Integratuan kokatzen da. Gai horren inguruan, Iñaki Arriola sailburuak gogoratu du “euskal biztanleriaren % 31 eraikinen kontserbazio arazoen eta beren bizilagunen egoera sozioekonomiko ezegonkorraren ondorioz auzo ahultzat jo diren horietan bizi dela eta sailaren betebeharra dela biztanle horiek udalerri bereko beste gune batzuetan bizi direnekiko agertzen duten haustura horrekin bukatzea”.

Auzo-laborategi horietako bat bilakatuko da Aramotz, non lankidetza estuan jardungo den Udalarekin. Auzoaren hiri-berroneratzea lankidetza publiko-pribatuan oinarrituko da eta ekimenak komunitatearen parte-hartzea eta elkarte-sarearen inplikazioa bultzatu ditu. Ondoko jarduketak aurreikusi dira: urbanizatze-lanak, erreka bat desbideratzea, eraikinak birgaitzea eta hurbileko bulego tekniko bat sortzea auzoan, informazioa eman, lanak eta laguntzak kudeatu eta auzoaren ekonomia berrindartzea xede duen tokiko prestakuntza eta enplegu plan bat sustatzeko.

Jarduketa zehatzak

Proiektuak jasotzen dituen jarduketa esanguratsuenak 16 eraikinen birgaitzeari lotuta daude. Aipatuan, energia-eraginkortasuneko eta irisgarritasun unibertsaleko printzipioak jarraituko dira. Guztira, 128 etxebizitza eta 8 lokal birgaituko dira.  

Auzoko eraikin tipikoak behe planta gehi hiru solairu ditu eta bi etxebizitza solairuko. Ondorioz, zortzi etxebizitza daude soto bakoitzean, salbuespen batzuetan ezik.

Birgaitze pribatuaren kostua 4,7 milioi eurokoa da gutxi gorabehera. Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 1,7 milioiko diru-laguntza zuzenak eskainiko ditu etxebizitzak berritzeko: hau da, 13.000 euro inguru etxebizitza bakoitzerako.

Durangoko alkate Aitziber Irigorasek adierazi duenez, “jakitun gara hiri-berroneratzeak hirigintzaren etorkizuna direla; eta are gehiago Durango bezalako udalerri batean, non eraikitzeko lurrak eskasak diren”. Bestalde, Durango Eraikitzen sozietateko presidente Pilar Ríosek adierazitakoaren arabera “Durango Eraikitzen sozietate publikoak denbora luzea darama proiektuaren inguruan lanean, auzokideekin batera, eta birgaituko diren eraikinak iragan mendeko 50eko eta 60ko hamarkadetan eraikitako horiek dira”.

Arriola sailburuak baieztatu du “inor ez dela birgaitze-proiektutik at geldituko berari dagokion zenbatekoa ordaintzeko bitarteko nahikorik ez izateagatik”. Alde batetik, 21.000 eurotik beherako urteko diru-sarrerak dituzten familiek Sailaren Etxebizitza Arloak onartu duen Etxebizitzak Birgaitzeko Renove Planeko laguntza indibidualak eska ditzakete. 566.000 euro aurreikusi dira horretarako.

Horrez gain, 1,2 milioi euroko Berme-funts bat sortuko da Udalaren eta Etxebizitza Sailaren artean, aipatu familiek jarduketa finantza dezaten eta 20-25 urteko epea izan dezaten jasotako zenbatekoa itzultzeko. Azkenik, interes baxuko maileguak emateko aukera aurreikusi da ere 21.000 eurotik gorako diru-sarrerak dituzten familientzat.

Euskadi, auzolana