Hasiera

Euskadi.eusen sartu

 
Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Informazio
  • Gaztelagun
  • Etxebizitza
  • Puntu lila
  • W3C-WAI. Esteka hau leiho berri batean irekiko da

Etxebizitza Sailak 120.000 euroko "diru-jana" zapuztu du BOE baten salmentan, Bilboko Garellano dorreetan

Argitalpen-data: 

  • Azken hilabeteetan, gainprezioekin saldu nahi ziren lau etxebizitza babestu lehentasunez erosteko eskubidea baliatu du Iñaki Arriolak zuzentzen duen Sailak

Etxebizitza Sailak eragotzi egin du Bilboko Garellano dorreetako batean kokatutako babes ofizialeko etxebizitza bat gainprezio handi batekin saltzea, eta, horretarako, lehentasunez erosteko eskubidea baliatu du transakzioan. Bizkaiko Etxebizitza Ordezkaritzak jasotako salaketaren arabera, jabeak kontratuan agertzen zen eta BOE baterako baimendutako gehienekoa zen zenbatekoaren (149.476 euro) gainetik 120.000 euro beltzean ordaintzeko eskatu zion erosleari, eta, beraz, eragiketak % 80ko diru-jana zekarren zenbateko ofizialarekiko.

Salatzaileak adierazi zuenez, zapuztutako eragiketan bitartekari-lanak egin zituen pertsonak babes ofizialeko etxebizitzetarako finkatutako gehieneko prezioak gainditzeko lege-debekua saihesteko formulak iradokitzen zizkien erosleei. Formuletako bat beltzean ordaindu beharreko dirua hurbileko pertsonei eskatzea zen, eta beste bat “hipoteka-mailegua ematen zuenaz bestelako finantza-erakunde batean mailegu pertsonal bat eskatzea eta bi maileguak egun berean sinatzea (bi erakundeen artean daturik ez gurutzatzeko)”.

Bizkaiko Etxebizitza Ordezkaritzak hainbat salaketa jaso ditu Bilboko eskaririk handieneko higiezin-inguruneetako batean kokatuta dauden Garellano dorreetako etxebizitza babestuetan egindako transakzio irregularren inguruan. Bigarren kasu batean, erosleak eta saltzaileak ordezkatzen zituen abokatuari jakinarazi zitzaion salerosketa-kontratua Ordezkaritzan aurkeztean (oniritzia jasotzeko) etxebizitza lehentasunez erosteko eskubidea baliatuko zela, eta horrela zapuztu ahal izan zen transakzioa. Kasu horretan, salatzailearen arabera, eskatutako gainprezioa 70.000 euro zen.

Lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideak administrazio publikoek etxebizitza babestu bat eta haren elementu erantsiak lehen eta ondorengo transmisioetan lehentasunez eskuratzeko esleituta dituzten eskubideak dira, eta administrazioek saltzaileak eta erosleak hitzartutako prezioa ordaintzen dute, betiere BOEen parametroen barruan badago. Era horretan eskuratutako etxebizitzak Eusko Jaurlaritzak alokairu sozialerako dituen etxebizitzen parke publikoan txertatuta geratzen dira.

Beste bi espediente

Nolanahi ere, Etxebizitza Sailak beste egoera batzuetan ere baliatu du eskubide hori. Azken bost hilabeteetan, beste bi espediente izapidetu dira. Haietako bat Etxebarrin (Bizkaia), eta bestea Donostian. Lehen kasuan, etxebizitza bat eskuratzeko interesa zuen pertsona batek salatu zuen jabeak zenbateko ofizialaren gainetik beste 41.000 euro ordaintzeko eskatu ziola. Horregatik, salerosketa-kontratua beste erosle batekin aurkeztu zenean, dokumentuan agertzen zen prezioan (65.451 euro) lehentasunez erosteko eskubidea baliatzea erabaki zen. Donostiako etxebizitzan, berriz, eskatutako gainprezioa 60.000 euro zen, eta 140.367 euroko prezioan eskuratu da.

Etxebizitzako sailburuorde Pedro Jaureguik adierazi duenez, Sailak borondatea du lege-tresna hori beharrezkoa den guztietan aplikatzeko, “babes ofizialeko etxebizitzekin eta pertsonen premiekin espekulatu” ez dadin. “Ez dago debekatuta jabe batek bere garaian esleitu zitzaion BOEa arrazoi batengatik edo besteagatik saltzea, baina ez dugu onartuko”, gaineratu du, “etxebizitza horretan inbertitutako diru publikoa neurriz kanpoko irabaziak era ilun batean lortzeko erabiltzea”. Ildo horretan, Pedro Jaureguik adierazi du Saila “oso adi” egongo dela transakzio susmagarri ororen aurrean, eta iruzur-jardunbide horien berri duten pertsonak Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzetan salatzera animatu ditu, kasuaren arabera jardun ahal izateko.

Lehentasunez erosteko eskubidea etxebizitza babestuaren lehen salerosketako edo ondorengo salerosketa bateko kontratua etxebizitzako ordezkaritzetan aurkezten denean (nahitaezko oniritzia jasotzeko) eta bertan agertutako prezioa erreala ez dela dioen salaketa bat edo horren susmoa dagoenean baliatzen da. Gainprezio bat dagoela froga badaiteke (eta Etxebizitzaren Legeak arau-hauste oso larritzat hartzen du hori), 20.000 eurotik 300.000ra bitarteko zehapen bat aplikatu ahal izango zaie arau-hausleei.

Euskadi, auzolana