Hasiera

Euskadi.eusen sartu

 
Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Informazio
  • Etxebizitza
  • ASAP
  • W3C-WAI. Esteka hau leiho berri batean irekiko da

Euskadiko etxebizitzen parke osoaren % 2 jenderik gabeko etxebizitzak dira, 20.840 guztira

Argitalpen-data: 

  • “Euskadiko etxebizitzaren erabilerari buruzko 2017ko txostena” 2015eko Legea onetsi ondoren egin den lehena da; lehenengoz zehazten du Euskadiko jenderik gabeko etxebizitzaren kontzeptua “bi urtetik gora etengabe okupatu gabe" dagoen etxebizitza gisa.
  • Inkestak dakar, gainera, jenderik gabeko etxebizitza dinamizatzeko programetarako mobiliza daitezkeen beste 13.626 etxebizitza daudela .
  • Arriola sailburuak azterlanaren balioa nabarmendu du; “izan ere, bereziki erabilgarria den informazio maila xehatua ematen du, etxebizitza merkatuan esku hartzeko eta politika publikoak diseinatzeko”.
  • Intzidentzia-tasa murriztu egiten da, nabarmen, udal-dimentsioa areagotzen den neurrian, eta Bilbo eta Donostia dira ehunekotan jenderik gabeko etxebizitza gutxien duten hiriburuak

Euskadik jenderik gabeko 20.840 etxebizitza ditu, 2015ean onetsitako Etxebizitza Legeak horien inguruan egiten duten definizioaren arabera. Kopuru hori “Euskadiko etxebizitzaren erabilerari buruzko 2017ko txosten”ean ageri da, eta Euskadiko etxebizitzen parke osoaren % 2 da.

Azterlana Euskal Etxebizitzako Behatokiak (EEB) egin du, eta, gainera, urtean gutxienez sei hilez 13.626 etxebizitza hutsik daudela eta aurreko 20.840 etxebizitza horiekin batera guztira 34.466 direla ohartarazten du, zeinak jenderik gabeko etxebizitza dinamizatzeko programetarako mobilizatu ahalko bailirateke. Horrek esan nahi du kudea daitekeen etxebizitzaren intzidentzia-tasa Euskadiko etxebizitza-parkearen % 3,3 dela.

Txosten hori 2015eko Legea onetsi ondoren eginiko lehena da; lehenengoz zehazten du Euskadiko jenderik gabeko etxebizitzaren kontzeptua “bi urtetik gora etengabe hutsik" dagoen etxebizitza gisa, “hura ez erabiltzeko motiboa egon ezean, lege honetan eta hura garatzeko araudian aurreikusitako baldintzetan”. Hori horrela, legeak berak lana, osasuna, mendekotasuna edo gizarte-larrialdia dela eta arrazoitutako salbuespen batzuk ezartzen ditu. Halaber, bigarren bizitetxeak eta merkatuko prezioetan saltzeko edo alokatzeko eskaintzan dituzten titularrenak ere salbuesten ditu.  

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak zera adierazi du: “azterlan-mota horiek oso baliagarriak dira; izan ere, etxebizitza hutsa mobilizatzeko programen oinarri diren etxebizitza-kopurua identifikatzeko aukera ematen dute, baina baita funtsezko zenbait alderdi ezagutzeko ere, besteak beste, horien kontserbazio-egoera eta bertan bizitzeko aurretik egin beharreko konponketa- edo birgaitze-lanak, bai eta kokapena ere, alegia, eskari handiko edo gutxiko edo batere eskaririk ez duten lekuetan dauden”.  

Hori horrela, txostenak jenderik gabeko etxebizitzaren intzidentzia udal-dimentsioa areagotu ahala nabarmen murrizten dela dakar, eta biztanle gehien duten hiriak direla etxebizitza hutsen ehuneko txikiena dutenak.

Kudea daitezkeen etxebizitzak

Lehen esan dudan bezala, txostenak dakar kudea daitezkeen 34.466 etxebizitza huts daudela. Bizkaian etxebizitza horietako 16.456 daude, Euskadin antzeman diren guztien % 47,7, eta Gipuzkoan hirutik bat dago, alegia, 11.610 etxebizitza guztira (% 33,7). Bestalde, Araban kudea daitezkeen jenderik gabeko 6.400 etxebizitza daude, Euskadiko guztizkoaren % 18,6. Lurraldearen araberako intzidentzia dela eta, Araba dago lehendabizi (etxebizitza-parkearen % 3,9), gero Gipuzkoa (% 3,4) eta, ondoren, Bizkaia (% 3).

Kudea daitezkeen jenderik gabeko etxebizitza gehienak dimentsio gutxiagoko udalerrietan daude. 2.500 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan % 7,5 daude, eta 2.500 eta 20.000 biztanle bitarteko udalerrietan % 4,5-% 4,6, eta nabarmen baxuago 40.000 eta 100.000 biztanle bitarteko udalerrietan (% 2,6). Euskal hiriburuetan, % 1,8.

Donostiak eta Bilbok are intzidentzia-tasa baxuagoa dute, % 1,4koa (1.231 etxebizitza) eta % 1,6koa (2.538 etxebizitza), hurrenez hurren, Euskadiko batez bestekoaren erdia baino gutxiago. Ordea, Arabako hiriburuan kudea daitekeen jenderik gabeko etxebizitzaren tasa % 2,3koa da (2.725 etxebizitza), gainerako euskal hiriburuetan baino nabarmen altuagoa, baina Euskadiko batez bestekoa baino nabarmen baxuagoa.

Jenderik gabeko etxebizitza kudeagarri gisa tipifikatzeak ez du esan nahi berehala jar daitekeenik alokatzeko edo saltzeko merkatuan, erreformarik edo konponketarik egin gabe.

Etxebizitza horiek okupatzeko baldintzen analisiak, jabeek berek eginiko balioespenaren arabera, % 37,7 berehala okupatu daitekeela dakar, % 26,6k lan arinak edo moderatuak behar dituela eta % 16,8k erreforma handia behar duela. Beraz, txostenak dakarrenaren arabera, etxebizitza horien herena baino pixka bat gehiago baino ez litzateke egongo berehala okupatzeko behar bezalako bizigarritasun-baldintzetan.

Kudea daitezkeen jenderik gabeko etxebizitza gehienek egungo etxebizitzaren beharretarako eta eskarirako (pertsona bakarra, guraso bakarreko familiak, aitak/amak seme edo alaba bakarrarekin) egokia den azalera dute, ez baitute dimentsio handirik behar.

Jenderik gabeko hamar etxebizitza kudeagarritik bederatzik, gutxienez, 100 metro koadro erabilgarri baino gutxiago dute; 75 eta 99 metro koadroko etxebizitzen pisu erlatiboa % 44,7 da eta 51 eta 74 metro koadro bitarteko etxebizitzena, % 38,1ekoa. Bestalde, 50 metrotik beherako apartamentuak kudea daitezkeen jenderik gabeko etxebizitza guztien % 5,6 baino ez dira.

Era berean, kudea daitezkeen etxebizitza huts gehienek berogailua dute (zentrala edo indibiduala, gailu mugigarrien bidez) eta, gainera, kudea daitezkeen hiru etxebizitzetatik batek trastelekua du (% 31,2) eta kudea daitezkeen etxebizitzen % 16,9k garajea du.

Bestalde, txostenak hutsik dauden baina kudeatu ezin diren eta etxebizitza hutsa dinamizatzeko programetan sartu ezin diren etxebizitzak ere kuantifikatzen ditu; horiek ezin dira kudeatu edo ezin dira programa horietan sartu, dagoeneko salerosketako edo alokairuko merkatuan eskaintzen direlako, edo jabeen osasun-arazoak edo laneko motiboak direla eta derrigorrean behin-behinean okupatu gabe utzi behar izan direlako. Etxebizitza horiek, aurreko 34.466 etxebizitzekin batera (urtean gutxienez 6 hilabete okupatu gabe dauden eta kudea daitezkeen etxebizitzak), 69.231 etxebizitza huts dira, guztira, Euskadin.

  • Jenderik gabeko etxebizitzak: 69.231 - etxebizitza-parkearen % 6,6
  • Etxebizitza kudeagarriak: 34.466 - etxebizitza-parkearen 3,3%
  • Etxebizitza kudeagarriak 2 urtetik gora jenderik gabekoak: 20.840 - etxebizitza-parkearen 2%

“Euskadiko etxebizitzaren erabilerari buruzko txostena” bi urterik behin egiten da. 2017ko txostena egiteko, 64.700 higiezinetan ibili da eta 6.600 jaberi egin zaie inkesta.

 

Euskadi, auzolana