Hasiera

Euskadi.eusen sartu

 
Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Informazio
  • Etxebizitza
  • ASAP
  • W3C-WAI. Esteka hau leiho berri batean irekiko da

Etxebizitza Sailak dekretu batean moldatu eta eguneratu du eraikinen azterketa teknikoari (EAT) buruzko araudi guztia

Argitalpen-data: 

  • Testu berriak derrigorra duten eraikin guztietan EATak egitea oztopatzen zuten zenbait gai argitzen ditu eta azterketak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedura bizkortzen du.
  • Arriola sailburua ziur dago dekretuan jasotako aldaketek eta hobekuntzek EATak egitea sustatuko dutela eta, horrela, horiek egiten dituzten teknikarien eginkizuna erraztu egingo dela eta, bereziki, udal eta eraikinetako jabeei dagozkien izapideak.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eguneratu eta moldatu egin du eraikinen azterketa teknikoari buruzko araudi guztia. Horretarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, bihar indarrean sartuko den dekretu berri bat sortu du. Testua uztailaren amaieran onetsi zuen Gobernu Kontseiluak, eta, horren bidez, 2012ko dekretua eta ondoko 2014ko aldaketa berritu da, eta derrigorra duten eraikin guztietan EATak egitea oztopatzen zuten zenbait gai argitzen ditu eta azterketak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedura bizkortzen du.

Era berean, egoitza-arloan dauden eskakizun berrietara eta 2015eko Etxebizitza Legearen edukietara egokitzen da; Etxebizitza Legeak zabal arautzen du EATa, 52. artikuluan, eta funtsezko tresnatzat jotzen du jabeek eraikitako ondarea babestu eta eraikinen birgaitzea eta hiri-eremuen berroneratzea sustatzeko. 

Dekretu berriak 24 artikulu ditu, zazpi kapitulutan, bi xedapen gehigarritan eta xedapen iragankor batean multzokatuta. Dekretuak nagusiki bizitegirako diren eraikinen azterketa teknikoak bete behar dituen irizpide eta eskakizunak ezartzen ditu eta, horretarako, EATa egiteko derrigortasuna duten pertsona fisiko edo juridikoei buruzko edukiak garatzen ditu. Halaber, horiek egiteko gaituta dauden teknikari eta entitateak ezartzen ditu, bai eta azterketa osatzen duten txostenak eta horiek egiteko prozedurak eta epeak, azterketa ez betetzeak dakartzan ondorioak eta autonomia-erkidegoko eraikinen azterketa teknikoen erregistroa ere.

Iñaki Arriola sailburua ziur dago dekretuan jasotako aldaketek eta hobekuntzek EATak egitea sustatzen lagunduko dutela eta, horrela, horiek egiten dituzten teknikarien eginkizuna erraztu egingo dela eta, bereziki, udal eta eraikinetako jabeei dagozkien izapideak. 

Dekretuaren nobedade nagusiak

I. kapituluan, gaizki-ulerturik eta jardunbide desegokirik egon ez dadin, zenbait kontzeptu definitu dira. Horien artean, zer ulertu behar den dela “bizitegirako erabilera nagusia”; zer den ataria; nola zenbatu “eraikin baten adina”; edo zer ulertu behar den “arrazoizko doikuntza” gisa, irisgarritasunari dagokionez.

Familia bakarreko etxebizitzei ematen zaien tratamendua malgutzen eta argitzen da. 2012ko lehen dekretuan, berariaz baztertzen ziren mota horretako eraikinak EATa egiteko beharrizanetik. Gero, 2014ko aldaketaren ondorioz, EATa derrigorrezko bilakatu zen etxebizitza guztietarako, salbuespenik gabe.

Dekretu berriak bide publikora ematen duen fatxada bat edo gehiago dituzten familia bakarreko eraikinetan EATa ezarritako epeetan (50 urteko antzinatasuna betetzean eta 10 urtean behin, gerora) derrigorra dela zehazten du. Izan ere, hirugarrenen segurtasuna babestu nahi da horrela, oinezkoena, besteak beste.

Bide publikora ematen ez duten familia bakarreko gainerako etxebizitzen kasuan, udalek izango dituzte hirigintza-diziplinaren gaineko eskumenak, eta beraiek erabaki beharko dute EATa egin behar duten ala ez.

Halaber, baserriek eskakizuna bete behar duten ala ez zehazten da. Horrela ezartzen da ez direla “bizitegirako erabilera nagusi”tzat eta, beraz, EATa aurkeztera behartutzat hartuko, etxebizitzaz gainera, erregistro industrialean edo Euskadiko nekazaritza- eta/edo abeltzaintza-erregistroetan inskribatuta egoteko beharra duten bestelako erabilera intentsiboak dituzten eraikinak.

Protagonismo handiagoa ematen zaio eraikinaren Erabilera eta Mantentze Lanen Planari. Horren inguruko eskakizunak areagotu eta dokumentu hori are derrigorrezkoagoa da. Horrela, hura eskuratzeko epea murrizten da eta, urtebetekoa izan beharrean, hiru hilekoa da, EATa udalean aurkeztu ondoren. Baita dokumentu horretan azterketan antzemandako gorabeherak inskribatzeko epea eta zuzentzeko epea ere, zeina hilabetera murrizten baita.

Era berean, Efizientzia Energetikoaren Ebaluazioaren kontzeptua argitzen da. 2014ko dekretuak EATa Efizientzia Energetikoaren Egiaztagiriarekin osatzeko beharra jaso zuen. Hala ere, orduan nolabaiteko nahastea zegoen EATan gai horren inguruan egiten den ebaluazioak duen irismenaren eta ondorioen inguruan; izan ere, ezin da “egiaztagiri”tzat jo, Energiaren Euskal Erakundean (EEE) erregistratuta ez badago.

Dekretu berrian, EATari buruzko informazioa efizientzia energetikoaren “Ebaluazio” izendatzen da, harik eta EEEk erregistratu arte; hori EATaren aurretik edo ondoren egin daiteke, independentea baita. (Egiaztagiria derrigorrezkoa da, etxebizitza bat saldu edo alokatzeko, nahiz eta eraikinak ez duen EATa egin behar, antzinatasuna dela eta). 

Azkenik, izapide eta prozedura erredundanteak kendu dira, besteak beste, Teknikari Ikuskatzailearen Erantzukizunpeko Adierazpena; izan ere, EATaren txostenak berak badakar adierazpen hori.

Arriola sailburuak berriz ere esan du EATa ez dela eskakizun funsgabea eta apetatsua; izan ere, helburu du “etxebizitzetako egoiliarren eta hirugarrenen segurtasuna babestea, bai eta horien bizigarritasun-baldintzak ere, eta gure ondare eraikiaren kontserbazio-egoera egokia bermatzea, etxebizitzak guztion erabakiaren ondorioz duen funtzio sozialari jarraikiz”.

Eta esan du etxebizitzaren egoera kontrolatzen bada, “eten egiten dela haren hondatzea, lehenago antzematen direla arazoak eta, egoiliarrak eta hirugarrenak babesteaz gainera, konponketa garrantzitsuagoak eta garestiagoak saihestu daitezkeela”.

 

Euskadi, auzolana