Hasiera

Euskadi.eusen sartu

 
Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Informazio
  • ASAP
  • Garaje eta lokalak
  • W3C-WAI. Esteka hau leiho berri batean irekiko da

Etxebizitzak Birgaitzeko 2013-2016 Aldirako RENOVE Plana

Etxebizitzak Birgaitzeko 2013-2016 aldirako Renove Planaren helburu nagusiak hauexek dira: etxebizitza eta eraikinetako energia-eraginkortasuna areagotzea, irisgarritasun baldintzak hobetzea, gizarte-kohesioa indartzea eta enplegua sortzeko pizgarriak ematea.

Gaur egun, hiria oin berriko eraikinak eginez handitzearen eta zabaltzearen kultura urbanistikoa aldatzeko adostasun sozial zabala dago, bai eta horren ordez dagoeneko existitzen diren eraikinak eta espazio finkatuak birgaitzea, berritzea eta zaharberritzea bultzatzeko beharrari buruzkoa ere.

Etxebizitza multzoaren gabezia nagusietako bat energia-eraginkortasunaren arlokoa da. Arazo horri aurre egiteko, Etxebizitzak Birgaitzeko 2013-2016 aldirako Renove Plana 2020rako Europa Estrategian sartzen da. Izan ere, CO2 isurpenak % 20 murrizteko, energia-kontsumoa % 20 murrizteko eta energia berriztagarrien erabilera % 20 handitzeko konpromisoak beteko dituen karbono isurpen txikiko ekonomia bat bultzatzen du.

Existitzen diren etxebizitzen beste gabezietako bat irisgarritasuna da. Existitzen diren eraikinen % 34 bakarrik dira irisgarriak eta igogailua % 24k bakarrik dute, 2011ko erroldaren arabera. Horregatik, hiri-birgaitze politika berri bat ezartzea premiazkoa da, bai etxebizitzak bai eraikinak eta haien ingurua irisgarri egiten laguntzeko, hobekuntza horiek adineko pertsonen eta mugitzeko arazoak dituzten pertsonen eguneroko bizitzan daukaten eraginaz jabetuta.

Era berean, ezin da ahaztu narriatuta dauden eta sozialki ahulak diren hiri-eremuetan esku hartzeak gizarte-kohesioa sustatzen duela, eremu horiek herrietan edo hirietan barneratuz.

Ondorioz, birgaitze-politika berriak ikuspegi integratua izan behar du; hau da, energia-eraginkortasuna eta irisgarritasun unibertsala hobetzeaz gain, gizarte-laguntza barne hartu behar du.

Azkenik, birgaitzea, gertuko enplegua eskatzen duenez, mikroenpresentzat eta bertako enpresentzat oso garrantzitsua da eta ekoizpen-ekonomia sustatzeko efektu biderkatzaile handia dauka. Hala, Etxebizitzak Birgaitzeko Renove Plana 2013-2016 aldirako Enplegua Suspertzeko Programan ezarritako sei lerro estrategikoetako bat da.

Aipatutako etxebizitzen gabeziak gainditzen laguntzeko helburuarekin, Etxebizitzak Birgaitzeko 2013-2016 aldirako Renove Plana bost programaren bitartez gauzatuko da:

  1. Partikularrentzako eta jabekideen erkidegoentzako laguntza-programa, eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko.
  2. Udalentzako eta tokiko erakunde txikientzako irisgarritasun arloko laguntzen programa
  3. Birgaitze integratuko eremuetan (BIE) edo egoitza eremu narriatuetan ondare hiritartua edo eraikia birgaitzeko diru-laguntzen programa.
  4. Etxebizitza eta eraikinetako birgaikuntza eraginkorreko laguntzen programa, ondare eraikian esku hartzeko proiektuak egiteko.
  5. Hiria zaharberritzeko diru-laguntzen programa.

Beraz, Etxebizitzak Birgaitzeko 2013-2016 aldirako Renove Planak enplegua sortzeko, energia aurrezteko eta gizarte-kohesioa bultzatzeko estrategia indartuko du, birgaitze jasangarriaren eta integratzailearen aldeko politika baten bitartez.

Azken eguneratzea: 2017/03/20
Compromiso con las personas