Hasiera

Euskadi.eusen sartu

 
  • Gaztelagun
  • Etxebizitza
  • Puntu lila
  • W3C-WAI. Esteka hau leiho berri batean irekiko da

Etxebizitza Sailak Alokairuko Merkatuaren Estatistika (AME) jarri du martxan; tresna horrek Euskadiko udalerrietako alokairuen benetako prezioa eskaintzen du

Argitalpen-data: 

  • AME indarreko kontratuen fidantzen datuetan oinarritzen da; horrek aukera ematen die eguneratutako datu fidagarrien bidez ezagutzeko bai higiezinen merkatuan diharduten eragile publiko eta pribatuei bai herritarrei oro har alokairuaren merkatuaren bilakaera.
  • Euskadiko alokairuen hileko batez besteko errenta, 2018ko abenduaren 31n, 651 eurokoa izan zen. Hiririk garestiena Donostia da (859 euro), gero Getxo (828 euro), Zarautz (750 euro), Leioa (739 euro) eta Bilbo (724 euro). Vitoria-Gasteizen, errenta 593 eurokoa da
  • Arriola sailburuak tresna horren erabilgarritasuna nabarmendu du: “aukera emango digu laguntza eta prestazioen sistemak alokairuaren prezioaren errealitatera egokitzeko, eta, datu zehatz eta egiaztagarrietan oinarrituta, zerga-pizgarrien sistemak diseinatzeko”

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak Alokairuko Merkatuaren Estatistika (AME) jarri du martxan; tresna horrek Euskadiko alokairuen batez besteko benetako prezioari buruzko informazioa ematen du, udalerrien arabera, bai eta auzoen arabera antolatuta ere, hiru euskal hiriburuen kasuan.

AME gaur aurkeztu du, Bilbon, Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak; horrek aukera ematen du higiezinen merkatuan diharduten eragile publikoek eta pribatuek eta herritarrek, oro har, alokairuko merkatuaren bilakaerari buruzko informazio eguneratua eta fidagarria izateko.  Alokairu librearen prezioaren irudi leiala eskaintzeaz gainera, estatistika horrek, aurrerantzean, aldian behingo adierazle batzuk emango ditu, geografikoki zehaztuta, prezio horren bilakaeraren inguruan. Informazio hori oinarrizkoa da errentari eta errentatzaileentzako zerga-pizgarrien sistemak diseinatzeko, alokairuaren prezioaren arabera eta laguntza eta prestazioen sistemak lurralde-eremu bakoitzean alokairuaren merkatuaren errealitatera egokitzeko.

AME 2015eko Etxebizitza Legeaz geroztik sortutako erregistroetan derrigorrean gordailutu beharreko fidantzetan oinarritzen da. Beraz, errentariek benetan ordaintzen duten prezioak jaso ditu, eta ez higiezinen eskaintzako prezioak. Abiapuntuko datuek 2016aren eta 2018ko abenduaren 31 bitartean hiru lurralde-erregistroetan indarrean dauden kontratuei egiten diete erreferentzia, guztira, 46.890. Euskadin kalkulatzen den alokairu-etxebizitzen parkearen ehuneko osoa altua eta sinesgarria erakusten dute. Hura 90.000 pisuren inguruan kalkulatzen da, baina urtebetetik beherako iraupena duten kontratuak dituzten etxebizitzak jaso ditu, familiabakarrekoak, babes publikoko etxebizitzak edo, haien ezaugarriak direla eta, AMEn kontuan hartzen ez direnak eta zenbait programari lotuta daudenak, besteak beste, Biziguneri eta ASAPi lotutakoak.

Estatistika horrek 2018ko abenduaren 31n eskaintzen dituen datuen arabera, Euskadin alokairuaren hileko batez besteko errenta 651 eurokoa da. Batez besteko errentaren diferentziala udalerrien arabera gogoan hartzekoa da. Horrela, alokairu-kontratuen batez besteko prezioak nabarmen egiten du gora, biztanle-kopurua zenbat eta handiagoa izan, eta 100.000 biztanletik gorako udalerrietan kontratuko 726 eurokoa da, batez beste. Bereziki, Donostiako batez besteko prezio altuagatik (859 euro), Euskadiko alokairu garestienen rankingeko buru baita; ondoren Getxo dator (828 euro), gero Zarautz (750 euro), Leioa (739 euro) eta, gero, Bilbo (724 euro). Gainerako udalerriak batez besteko horren azpitik daude. Vitoria-Gasteizen, errenta 593 eurokoa da.

Herria

Batez besteko errenta

Euskadiko batez besteko errentaren gaineko %

Donostia

859,48

+% 31,96

Getxo

828,47

+% 27,20

Zarautz

750,65

+% 15,25

Leioa

739,30

+% 13,51

Bilbao

724,74

+% 11,28

Erandio

644,40

-% 1,06

Irun

632,94

-% 2,82

Barakaldo

622,73

-% 4,39

Errenteria

615,09

-% 5,56

Galdakao

609,25

-% 6,46

Portugalete

605,72

-% 7,00

Santurtzi

596,56

-% 8,41

Vitoria-Gasteiz

593,84

-% 8,82

Durango

588,28

-% 9,68

Basauri

586,42

-% 9,96

Sestao

565,80

-% 13,13

Eibar

517,85

-% 20,49

Arrasate/Mondragón

502,76

-% 22,81

Batez bestekoa Euskadin

651,30

Batez besteko errentak etxebizitzako 600 euroren kota gainditzen du 40.000 eta 100.000 biztanle arteko udalerrietan (655 euro) eta 20.000 eta 40.000 biztanle artekoetan (616 euro). 2.500 eta 20.000 biztanle bitarteko udalerrietan, indarreko kontratuen batez besteko prezioa nabarmen jaisten da, eta 517 euroren (2.500 eta 5.000 biztanle bitarteko udalerriak) eta batez beste 579 euroren (10.000 eta 20.000 biztanle bitarteko udalerriak) bitarteko tartean daude. 2.500 biztanletik beherako udalerrietan, kontratuen batez besteko prezioa jaitsi egiten da, eta, batez beste, 485 eurokoa da.

Urteko bilakaera lurraldeen arabera

Prezioen urteko bilakaera dela eta, 2018an alokairuen hileko batez besteko errenta 666 eurokoa izan zen, eta horrek % 4,0ko igoera ekarri zuen, 2017an sinatutakoen aldean (640 euro/etxebizitza).

Joera hori goranzkoa da, baina moderatua, eta 2017an ordurako antzeman zen igoerarekin jarraitzen du; urte hartan, alokairuaren prezioak % 1,8 egin zuen gora, 2016an sinatutako kontratuen aldean (629 euro/etxebizitza).

2018an, alokairuen batez besteko errenta nolabaiteko intentsitatearekin hazi zen lehen hiru hilabeteetan —% 0,3, % 1,8 eta % 2,1, hurrenez hurren—. Azken hiruhilekoan, ordea, % 0,9ko beherakada izan zuen; beraz, laugarren hiruhilekoan sinatutako kontratuen batez besteko prezioa 672 eurokoa izan zen, eta, hirugarren hilekoan sinatutakoena, 678 eurokoa.

Hiriburuetako datuak

Alokairuko Merkatuaren Estatistikak, bestalde, azken hiru urteotan alokairuaren prezioek hiru euskal hiriburuetan izan duten bilakaerari buruzko informazioa ematen du.

Donostiak eta Bilbok urtero sinatutako alokairuen kontratuetan euskal batez bestekoa gainditzen duen batez besteko prezioa dute, nahiz eta 2017ko eta 2018ko hazkuntza-tasak ez diren Euskadiko gainerako lekuetakoekin nabarmen bereizten.

2018an, Donostian sinatutako kontratuen batez besteko prezioa Euskadi osoko gehieneko mailara iritsi zen, eta 887 eurokoa izan zen; Bilbon maila baxuagora iritsi zen, eta 744 eurokoa izan zen. Bi hiriburuetan sinatutako alokairu-kontratuak gehiago garestitzea egiturazko joera da; izan ere, 2016an eta 2017an sinatutako kontratuen kasuan ere gertatu zen.

Urtero bi hiriburuetan sinatutako kontratuen alokairu-prezioaren hazuntza-tasak, ordea, ez dira Euskadiko gainerako udalerrietakoak baino askoz ere altuagoak. Horrela, 2018an, sinatutako kontratuen alokairuaren batez besteko prezioak % 4,7 egin zuen gora Donostian eta % 4,5 Bilbon.

Vitoria-Gasteizen 2018an sinatutako kontratuen batez besteko prezioa 617 eurokoa da etxebizitzako, Euskadiko batez bestekoa baino 50 euro inguru gutxiago. 2017an eta 2018an sinatutako alokairu-kontratuen prezioen hazkuntza-tasak % 4,4koa eta % 4,9koa izan ziren, hurrenez hurren.

Hiru hiriburuetan erregistratutako kontratu horien prezioen diferentzial nabarmena antzematen da, eskaintzen diren etxebizitzen alokairuaren eskaintza-prezioarekin erkatuta, eta diferentzial handiena Donostiari dagokio, izan ere, bertan eskaintzan dauden etxebizitzen prezioak 500 euro inguru gainditzen du 2018an erregistratutako kontratuen batez besteko prezioa. 

Arriola sailburuak Sailak AME aurrera ateratzeko egin duen ahalegina nabarmendu du, eta honako hau azpimarratu du: “oso garrantzitsua da edozein jarduera-eremutan informazio sinesgarria eta zehatza izatea, behar bezala oinarritzen diren erabakiak eta politikak zabaldu ahal izateko”. “Euskadiko alokairuaren merkatua –esan du–, horrela, gardenagoa da. Espero dugu horrek argi gehiago ematea eta, ondorioz, prezioen goranzko dinamika eta asmoak modulatzen laguntzea, zeinak etxebizitza batera arrazoizko errentarekin jotzeko jende askok duen asmoa baldintzatzen baitu”. 

Lehen datu horiek zabaldu ondoren, Etxebizitza Sailak, sei hilean behin, Alokairuko Merkatuaren Estatistikaren adierazle nagusiak argitaratuko ditu; horrek aurrerapen esanguratsua ekarriko du, Euskadiko alokairu-merkatuaren egoera erreala eta joerak aztertu ahal izateko.

Euskadi, auzolana