Hasiera

Euskadi.eusen sartu

 
Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Informazio
  • Etxebizitza
  • ASAP
  • W3C-WAI. Esteka hau leiho berri batean irekiko da

Etxebizitza Sailak 111 udalerriren artean banatuko ditu 2017ko irisgarritasunerako laguntzen 3,2 milioiak

  • Esleipenean, hiri-igogailuen instalazioari eman zaio lehentasuna, igogailu horiek baitute kosturik eta gizarte-eraginik handiena
  • Irisgarritasunerako diru-laguntzen zuzkidura bikoiztu egingo da aurtengo deialdian, eta 6,4 milioi eurora iritsiko da

Euskadiko 111 udalerriren artean banatuko da Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 2017an irisgarritasuna hobetzeko eta arkitektura-oztopoak kentzeko planak eta jardunak diruz laguntzeko bideratu zuen 3.249.000 euroko aurrekontua. Aurkeztutako proiektuetarako laguntzak esleitzean, hiri-igogailuen instalazioa barnean hartzen duten jardunei eman zaie lehentasuna, haien kostua eta gizarte-eragina (oinezkoen hiri-konexioak hobetzen baitituzte) kontuan hartuta.

Aldez aurretik beren irisgarritasun-planen barnean hartutako proiektuak aurkeztu ondoren diru-laguntzak jasoko dituzten udalerrien artean, 47 Gipuzkoakoak dira, 46 Bizkaikoak eta 18 Arabakoak. Horiez gain, onura publikoko gizarte-helburuak dituzten sei erakunde pribatuk jasoko dituzte laguntzak.

Arabako 18 udalerriek jasoko dituzten laguntzek 140.847 euroko zenbatekoa izango dute guztira. Guztien artean, Gasteiz azpimarratu behar da (67.057 euro jasoko ditu). Bizkaiko 46 udalerriek, berriz, 1.891.388 euroko zenbatekoa jasoko dute guztira. Zenbatekorik handienak jasoko dituztenak honako hauek dira: Bilbo eta Leioa (300.000 euro bakoitzak, hau da, laguntzaren gehienekoa), Getxo (190.793), Santurtzi (147.316) eta Mallabia (106.046). Diru-laguntza jasoko duten Gipuzkoako 47 udalerriek, berriz, 1.216.850 euro jasoko dituzte guztira. Arrasatek eta Errenteriak 300.000 euroko zenbatekoa jasoko dute, Ordiziak 107.281 euro eta Donostiak 92.975 euro, Irisgarritasun Plana eguneratzeko.

2017ko deialdian (deialdi horren ebazpena datozen egunetan argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian), euskal udalerriek guztira 17,5 milioi euroko zenbatekoa zuten proiektuak aurkeztu zituzten. Zenbateko horretatik, 12,5 milioi euro diruz laguntzeko irisgarritasun-jardunei lotuta zeuden, eta, beraz, agerian geratu zen laguntza-ildo horri lotuta dagoen eskari handia. Horretarako, aurtengo deialdian zuzkidura bikoiztu egingo da, eta 6.400.000 euro aurreikusi dira Aurrekontuetan.

41,5 milioi euro laguntzetan 1997. urteaz geroztik

Euskadin arkitektura-oztopoak kentzeko eta hiriguneak berriz konfiguratzeko egindako ahalegina oso handia izan da 1997an Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Legea onartu zenetik. Lege horren garapenaren ondorioz, 322 irisgarritasun-plan landu dira 216 udalerritan, eta Eusko Jaurlaritzaren etengabeko laguntza jaso dute urte hauetan guztietan. Bi hamarkada hauetan, 41,5 milioi euro banatu dira laguntzetan, eta udalerriek egindako 1.191 obra finantzatu dira guztira.

Joan den abenduan, legearen onarpenaren hogeigarren urteurrena zela eta, Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseilua suspertu zen lan-egutegia areagotu zezan, eta Euskadiko irisgarritasun unibertsalerako estrategia lantzeko aldez aurreko lanak eta azterketak hasita daude.

2018ko otsailaren 15a

Euskadi, auzolana